"Zaldibarko EAJk Ernai gazte antolakundea udako kultura-egitarautik zentsuratu du"

Anboto 2021ko aza. 23a, 20:12

Zaldibarko txosnagunea osatzen duten eragileek prentsaurrekoa eskaini dute gaur. Bertan jakitera eman dute jai batzordean parte ez hartzea erabaki dutela.

Zaldibarren jaien ataria daude, neguko jaien atarian. Eta gaurkoan txosnaguneko kideak kalera irten dira eta agerraldia egin dute. Agerraldiaren asmoa salaketa bat egitea izan da. "Zaldibarko EAJk, instituzio publikoan egoteak ematen dion boterea erabili du eragile baten aurka jotzeko. Kasu honetan, Ernai gazte antolakundea udako kultura-egitarautik zentsuratu dute", salatu dute.

Agerraldian txosnaguneko kideek zentsura "oso larria" dela adierazi dute eta ondorengo hiru puntuak azpimarratu dituzte. "Lehengoa, egitarautik txosnagunea osatzen duen eragile bat ezabatzeak txosnagunearen izaera parte-hartzailearen kontra egitea dakar, honen kontrako eraso bat da. Bigarrena, erabakia ez da jai batzordean hartu, are gehiago, behin behineko egitarauan txosnagunea osatzen dute hiru eragileak (Gaztetxea, Ernai eta Dominika) agertzen ziren, eta behin betiko egitaraua inprimatu zenean desagertu zen. Eta azkenik, zentsura kasu hau ez da EAJren kasu isolatu bat. Ernairen aurka duten jazarpen politikaren kanpaina baten baitan ematen da", jarraitu dute.

Horrez gain, gaia lantzerakoan udal gobernuak izandako jarrera salatu eta txosnagunea osatzen duten eragileek jai batzordean parte ez hartzea erabaki dutela jakitera eman dute. "Udal gobernuak jarrera aldatu ezean, udara begira egoera ez da aldatuko. Gainera, badakigu, beste eragile batzuk erabaki berdina hartu dutela, eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu", bukatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!