Zaldibarko Berbalagun kopuruak 5etik 17ra igo du ikasturte honetan

Ekaitz Herrera 2021ko ots. 22a, 09:31

Zaldibarko Berbalagun egitasmoa sasoiko dago. Salto kuantitatibo esanguratsua eman du ikasturte honetan, eta hori erakusten dute Irati Martin Ceak, Zaldibarko Berbalagun egitasmoaren dinamizatzaileak, eskainitako datuek: "Momentu honetan, egitasmoa indartsu dago. Azken urteotan nahikoa baxu egon da kontua, parte hartze txikiagaz. Baina, aurten, Euskaraldiaren bultzadagaz eta egindako lanari eskerrak, 5 parte hartzaile izatetik 17 kide izatera pasatu gara", azaldu du Martinek.

Momentu honetan, hiru talde aktibo daude Zaldibarren. Talde bat martitzenero elkartzen da, eguaztenero beste bat, eta, eguenero hirugarrena. Gainera, honi guzti honi hilero antolatzen dituzten bestelako ekintza osagarriak gehitu behar zaizkio. Urrutira joan barik, otsailaren 28an, domekan,  4 kilometroko ibilalditxoa egingo dute Eitzagako errota ezagutu bitartean euskaraz aritzeko. Deialdia herritar guztiei zabalik dago.

Sareak zabaltzen
Durangaldeko gainerako udalerrietan lez, Zaldibarko Berbalagunak Bidelari eta Bidelagun figurekin funtzionatzen du. Lehenengoak euskara praktikatu gura duten herritarrak dira; bigarrenak, ostera, lehenengoei euskaraz egiten laguntzen dietenak. Martinek alde bien arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du. "Egunerokotasunean euskaraz bizi denak pentsa dezake ordubeteko praktika batek gutxirako balio duela, baina euskaraz trebatu gura duenarentzat gauza handia da hori. Ikasten dabiltzan horiei sarea zabaltzen laguntzen die, eta hori da, hain zuzen ere, helburua. Euskararen erabilera zabaltzea", dio. Gainera, badirudi euskararen presentzia handitzen dabilela Zaldibarko kaleetan. "Uste dut ikusgarritasuna irabazi dela kalean. Eguen arratsalde batean, hainbat kidez osatutako guraso talde bat entzun dezakezu euskaraz parkean", azaldu du.

Berbalagunen ekintzetan parte hartu gura duenak zaldibarkoberbalaguna@gmail.com helbidera edo 688722989 telefonora jo dezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!