Zurrunbiloa sortu zen atzo Zaldibarko eskolan lau irakaslek koronabirusaren proban positibo eman eta gero. Egoera horren aurrean, zentroa zarratzeko erabakia hartu zuen atzo Osasun Sailak. Atzo, zentroko beste bi irakasleri PCR proba egin zieten, eta emaitzen zain daude. Ikasleei ere proba egingo dietela publiko egin zuen atzo hedabide batek, baina zentroak eta gurasoek ez dute horren berririk. Zaldibarko eskolak 300 ikasle inguru ditu, Haur hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.
Prentsan lehenengo
Zaldibarko eskolaren inguruko informazioaren kudeaketak zentroko zuzendaritza eta gurasoak haserretu ditu. Izan ere, ikastetxeak positiboen berri izan zuten momentuan hedabideetan publiko egin zen. Guraso askok hedabideen bidez ezagutu zuten berria, eskolako oharra jaso aurretik. "Prentsari jakinarazi aurretik eskolari aukera bat eman behar zitzaion gurasoei egoera komunikatzeko, txarto ulerturik egon ez zedin", azaldu du eskolako arduradun batek.
Gurasoak ere haserre daude Hezkuntza Sailarekin. "Errespetu falta iruditzen zaigu prentsatik enteratzea. Eskolako irakasle eta zuzendaritzak gure babes guztia dute. Badakigu ahal izan duten guztia egin dutela, eta atzo, gainezka zeudela", azaldu du Alaitz Urien gurasoak. Ikasturte hasierarako Hezkuntza Sailak egin duen planteamenduagaz kritiko agertu da Urien. "Bagenekien hau pasatu zitekeela. Hezkuntza Sailak ez du ikasturte hasiera seguru bat bermatu. Ez dute horretarako baliabiderik jarri. Bestalde, irakasle asko astelehenean bertan hasi ziren lanean".