Aspaldikoa da gure herrian euskararen erabilerari buruzko kezka. Sarritan egin dugu berba gai honen inguruan parkeko guraso kuadrilletan, taberna giroan, bazkalosteko elkarrizketetan, seme-alaben irakasleekin elkarrizketatu izan garenean... Asko gara gure herrian, gure hizkuntzaren egoera arduraz bizi dugunak, benetan kezkatzen gaituen arazoa baita, eta ez diogu etorkizun argirik ikusten sarritan gure hizkuntzari.
Orain dela bi urte, aspaldiko partez, Zaldibarko hainbat euskaltzaleen artean ilusioa berpizten ikusi genuen Euskaraldia gure herrian martxan jarriko zela iragarri zenean. Orduan, Zaldibarren ekimen hau aurrera eramateko Batzorde indartsua eratzea lortu zen. Batzordea osatu zuten pertsonei eta inguruko laguntzaile askori esker, Euskaraldiaren ikur eta koloreak gure egunerokotasunaren parte izan ziren, eta gure herriko kaleetan erabateko presentzia izan zuen hilabeteetan zehar ekimenak.
Aurreikuspen guztiak gaindituz, orduko Euskaraldia guztiz arrakastatsua izan zen. Guztira 505 izan ziren ekimenean izena eman zuten zaldibartarrak: 356 ahobizi eta 149 belarriprest. Hamaika egun euskaraz ariketaren aurretik, herria girotzeko hainbat ekintza egin ziren, eta ez dago zalantzarik, lan haiek guztiek lortu zuten jende asko euskarara hurbiltzea baita askoren hizkuntza-ohituretan eragitea ere.
Zaldibarren, ziur beste leku askotan ere, euskaltzaleen sarea aktibatzeko aukera aparta izan zen lehen Euskaraldi hura. Euskara erdigunera ekarri zuen eta euskararen erabilerari buruzko ezinegona haztea eragin zuen.
Haren ostean, euskalgintzaren inguruan mugimendua handitzen ari zen garaian, etorri zen 21. Korrika Klika leloarekin: klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea. Izan ere, konpromisoak hartzeko garaia da; egotetik egitera eta esatetik ekitera pasatzeko garaia, zioen aspaldian Esukal Herrian egin den euskararen inguruko ekimenik jendetsuenak.
Gauza gutxi hobetu dira ordutik euskararen egoeran, esan daiteke, azken hilabeteetan bizi izan dugun egoera berezi honek kaltea baino ez diola eragin gure hizkuntzari. Horregatik, Zaldibarko euskaltzaleengana zuzendu nahiko genuke zera esateko: Euskaraldia berriz ere martxan dagoela Zaldibarren, eta Zaldibarko euskaltzale guztion bultzada behar duela oraingoan ere. Animatu zaitezte batzorde eta lan-taldeetan parte hartzera, guztion artean gure herria euskaldunagoa izatea lor dezakegu!
Irailean, zaldibartarrok ekin diezaiogun indartsu hurrengo Euskaraldia antolatzeari, batu ditzagun indarrak bide horri ekiteko Zaldibarko euskaltzaleok!
Galeanok zioen bezala, pertsona txiki askok, toki txikietan, gauza txikiak eginaz… alda dezakete mundua. Eta Zaldibartar askok, herri txikia izanik, gauza txikiak eginez, aldaketa handiak eragin ditzakegu.