Zaldibarko EH Bilduren ustetan udalak merkatariei bideratuko dien laguntza "oso urria" da

Anboto 2020ko eka. 17a, 10:07

Gobernu taldeak 7.000 euroko diru laguntza bideratuko du Zaldibarko merkatari eta ostalarientzat; gehienez, 250 euroko laguntza jaso ahalko du negozio bakoitzak. "Ez ohiko egoera batean gaude eta horren aurrean lehentasunak birplanteatu eta ezohiko neurriak hartu behar dira".

EH Bilduren iritziz, gobernu taldea "ez da lehentasunak era egokian ezartzeko gai". "Pasa den astean jakin genuen gobernu taldeak ia 7.000 euroko inbertsioa egin duela herrian bi informazio pantaila jartzeko, herriko merkatari eta ostalari guztiei bideratutako diru-laguntzaren zenbatekoaren berdina" azaldu du Eneritz Azpitartek. Koronabirusak eragindako osasun krisialdia hasi zenetik hainbat proposamen egin dituela gogotu du alderdi independentistak, besteak beste, ostalari eta merkatarientzako 60.000 euroko diru laguntza bideratzea.

Udalaren ekonomia, "osasuntsu"

Komertzioek herrian duten garrantziaz konturatzeko eskatu dio udalari EH Bilduk, eta horretarako "egoera baretzeko" neurriak hartzeko, udalaren egoera ekonomikoa ona dela gogoratuz. "EH Bildu gobernura heldu zenean zor ikaragarria zuen Zaldibarko Udalak, baina zortzi urtetan egindako lanari esker egungo egoera ekonomikoa ona da. Momentu honetan 1,5 milioi euroko soberakina du udalak. Hori horrela izanda, ezin dugu ulertu premiazkoak diren neurrietan ez inbertitzea". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!