Aditu-taldea honako pertsona hauek osatzen dutela dio Ingurumen Sailak: Eduardo Alonso Pérez de Ágreda, Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko katedraduna, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniari Doktorea Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan eta Philosophy Doctor Northwestern University-n; César Sagaseta, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniari Doktorea eta irakasle emeritua Ad-honorem Kantabriako Unibertsitatean; eta Jorge Cañizal, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniari Doktorea eta Lurren Ingeniaritzako irakasle titularra Kantabriako Unibertsitatean. Haiei laguntzeko, informazioaren analisirako teknikari-talde batek ere jardungo duela aurreratu dute.
Adituak martxoaren 17az geroztik peritu-ikerketan ari dira lanean. Lur-jausia gertatu aurretik zegoen informaziotik eta lur-irristatzea gertatu eta gutxira egindako topografiatik eta 3D eredutik abiatzen den metodologia jarraituz lanean dihardutela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. "Horri esker, emaitzazko eredu geometrikoa finkatu eta akatsaren tipologia eta ustezko arrazoiak ezagutu ahal izango dira", dio Ingurumen Sailak.
Era berean, aditu-taldea existitzen den informazio historiko guztia aztertzen ari da. Era horretan, urte bakoitzeko isuritako eta bere konpetentzia geomekanikoaren arabera bereizitako hondakinen guztizko kantitateak zehaztu ahal izango dira, baita beste gai garrantzitsu batzuei —ikuspegi teknikotik eta mugimenduen kontrol-planaren jarraipen historikotik— buruzko oinarrizko informazioa ere.
Adituek azken peritu-txosten bat prestatuko dute. Bertan, zabortegiaren luiziaren arrazoi posibleak adieraziko dira. Ingurumen Sailburuordetzak Durangoko Epaitegiari eta lan-agintaritzari jakinarazi die peritu-txostena egiten ari direla. Durangoko Epaitegia, polizia judizialaren funtzioak betetzen ari den Ertzaintzaren bitartez, zabortegiaren lur-jausiaren eginbide judizialak burutzen ari da.