Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Osasun, Segurtasun, Lan eta Justizia sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lur-jausiaren ostean sortutako koordinazio eta jarraipen mahai teknikoaren bigarren bileran parte hartu dute gaur goizean. Prentsa oharrean azaldu dutenez, bilera goizeko 9: 30ean hasi da, eta "dagoeneko martxan dauden ekintzen jarraipena egitea eta neurri berriak hartzea izan du helburu".
Herritarrei informazioa helarazteko neurrien berri eman dute bileran. Azaldu dutenez, Ingurumen Sailak, Osasun Sailarekin koordinatuta, egunero aldizkari bat banatuko du, neurketen emaitzak argi eta erraz jasotzeko. Informazio-buletina Ihobek egingo du, eta alkatetzei bidaliko die, zabal dezaten. Informazio guztia, gainera, Ihoberen webgunean bertan egongo da eskuragarri.
Batzar informatiboak
Kaltetutako hiru udaletan batzar informatiboak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzako hiru sailetako teknikariek azalpen teknikoak emango dituzte eta herritarrek neurketen eta emaitzen inguruan dituzten zalantzak argituko dituzte. Bilera horiek gaur arratsaldean izango dira Eitzagan, astelehenean Ermuan, asteartean Eibarren eta asteazkenean Zaldibarren.
Nekazaritza Sailburuordetzaren eskutik Eitzagako baserrien gunean jada martxan dagoen elikadura kontrolaz gainera, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Neikerrek, Haskik eta Elikak osatutako batzorde teknikoa eratu dute. Koordinazio mahaian azaldu dutenez, bisitak egin dira kaltetutako eremuetara, eta 13 lagin hartu dituzte lurzorutik, larreetatik, baratzeko laboreetatik eta fruta-arboletatik, Neikerren laborategiak azter ditzan. Bitartean, prebentzio-neurri moduan, produktu horiek kontsumitzea eta merkaturatzea debekatuta dagoela gogoratu dute.
Lurra egonkortu guran
Desagertutako bi pertsonen bilaketari dagokionez, jakinarazi dutenez, lursaila egonkortzeko lanak asteburu honetan hasiko dira. "Lursailaren eremu egonkorrenetan lanean hastea aztertzen ari dira, baztertzen hasteko", dio Jaurlaritzak. Bestalde, lehentasunez lantzen ari dira alboko drainatzeak eta luiziak, bai eta sarbideak ere, sutera sartu ahal izateko. Datorren astelehenean itzaltzeko lanak hastea aurreikusi dute.
Mendi-mazelaren egoera aztertzeko aditu geoteknikoen taldera Kantabriako Unibertsitateko katedradun bat eta Bartzelonako Unibertsitateko katedradun bat batuko dira.
Uraren kalitatea
Zaldibarko txorrotako uraren kalitatearen inguruan Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak prentsa oharrean azaldu duenez, "bere kudeaketa-eremu osoan hornitzen den uraren kalitatea bermatuta dago". Zaldibar hornitzeko erabiltzen den ura Garaizarko Edateko UrenTratamendutegitik datorrela argitu dute (Iurreta). Ur hori Oiz eta Mañariko ur-bilketetatik hartzen da.
Ohiko kontrolak egiteaz gain, Zaldibarko luizia gertatu zenetik, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak kontrol osagarriak egin ditu eta banaketa-sare osoko txorrotako uraren kalitatea ona dela egiaztatu dutela argitu dute prentsa oharrean.
Zaldibarko Sallabente auzoan 44 abonatu dituzte. "Ur-hornidura eten egin zen otsailaren 6ko luiziaren ondorioz. Lehen orduetan, zisterna-kamioien bidez hornitu zen ura eta, biharamunetik aurrera, Gipuzkoako Uraken sareko urarekin, konponketak egitea ezinezkoa baitzen".