Zaldibarren Juan Mari Uriarte alkateordea liberatu dute, Maiztegi alkatea beharrean

Anboto 2019ko uzt. 11a, 20:25

Jose Luis Maiztegi jeltzalea da Zaldibarko alkatea EAJ eta PSEren akordiorari esker, baina bera ez da liberatuko udaleko lanerako. Bere ordez, Juan Mari Uriarte alkateordea egongo da soldatapean. 44.300 euro gordin jasoko ditu urtean.

Izendapen horrek EH Bilduren kritika ekarri du. “Zu zara alkatea. Zuk duzu erantzukizun handiena”, esan dio Carmen Sampedrok Maiztegiri. Aitor Lopezek gehitu du hauteskunde kanpainan EAJk ez zuela horretaz informatu, eta “gardentasuna” behar dela uste du.

Maiztegik erantzun du bera jubilatuta dagoela, eta “konforme” dagoela dietak eta kalteordainak kobratuta. Hala ere, alkate lana beteko duela hitz eman du.

Liberazioan bezala, batzordeen osaketan eta dieten gaian polemika nagusi bat egon da. EAJ eta PSEko lau zienegotzi ez dira Zaldibarren bizi, tartean liberatu berri den Uriarte bera eta bigarren alkateordea, eta EH Bilduren ustez “zaldibartarrak dira egokienak” arduretan egoteko, Eneritz Azpitarteren esanetan. Gainera, lehenengoz kilometraje dieta kobratu ahalko dute kanpotik datozenek, eta Azpitartek salatu du “kanpoko zinegotziak izateak zaldibartarrei kostu ekonomiko handiagoa” ekarriko diela.

Maiztegik nabarmendu gura izan du zinegotzi horiek “lan egitera” datozela Zaldibarrera. “Lehenik utzi lana egiten, eta gero baloratu. Gainera, kontuan izan herritarren botoa jaso dutela”, erantzun du EAJko alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!