Eskola eremua handitzea eta ingurua urbanizatzea dira 2019ko aurrekontuaren egitasmo nagusiak Zaldibarren

Anboto 2018ko abe. 28a, 15:25

Abenduaren 27an egindako Osoko Bilkuran 2019ko aurrekontua onartu zuen Zaldibarko Udalak. EH Bilduko gobernu taldeak 4.945.325,75 euroko aurrekontua onartu zuen. EAJk eta PSEk aurrekontu proposamenaren aurkako botoa eman zuten.

Eneritz Azpitarte alkateak EH Bilduk 7 urteotan egindako kudeaketa defendatu zuen koalizioak udalaren zorra %77,5 jaitsi duela azpimarratuz. Zorra jaistearekin batera, egitasmo garrantzitsuak burutu dituztela gaineratu zuen alkateak. “Zazpi urtean haur eskola berria eraiki, ospitaleko lurrak herriarentzako berreskuratu, Olazar gunea atondu, Berdintasun Arloa sortu eta parte-hartzea udalaren egunerokotasunean txertatu dugu, besteak beste”, azaldu zuen Azpitartek.

Prentsa oharrean azaldu dutenez, gobernu taldeak egindako lau herri batzarretan jasotako proposamen batzuk txertatu dituzte aurrekontuetan: errepide ondoan baranda jarriko dute, Olazarko dorretxea konponduko dute, Bilbo etorbidea eta Elizondo kaleak konponduko dituzte eta jolas gunea egokitzeko inbertsioa handituko dute. Jolas parke bat estaltzea eta Olazarren ur txorroak jartzea dira helburuak. 

Aurrekontuetako egitasmo nagusia eskola eremuaren urbanizazioaren bigarren fasea burutzea da. Alkateak proiektu hau “estrategikoa” dela esan du eskola eremua handitzeaz gain, inguruko eremu guztia biziberritu eta aparkaleku berriak egingo direlako. Eskola eremua diseinatzeko eskoletan parte-hartze prozesua martxan du Zaldibarko Udalak eta bertan irtendako proposamenak egin ahal izateko beste partida bat jasotzen du aurrekontuak. Eusko Jaurlaritza egiten ari den eskoletako handitze obra amaitzear dagoenez, udalak eraikin zaharra margotuko du 2019an. 

2019an Udal eraikinen garbiketa plegua atera behar du Zaldibarko Udalak eta pleguan langileen soldata igo ahal izateko %15eko igoera aurreikusi du gobernu taldeak. Azpitartek adierazi du beraien nahia garbiketa langileak langile publikoak izatea dela baina “hori momentu honetan ezin dugu egin, beraz beraien baldintzak hobetzeko saiakera egingo dugu”. 

Auzoei dagokien partida handitu du udalak eta argiteria hobetu, bideak konpondu eta auzoen izenekin seinaleak jartzeko, besteak beste. 

Kirol instalazioei dagokienez futbol zelaiko ureztapen sistema konpontzeko partida ezarri dute aurrekontuetan. 

Aurrekontuetan egin beharreko inbertsioez gain, Azpitartek Elexpe-Sanjuangoa eraikinean egingo den Kultur Etxea ere aipatu zuen “pausoak ematen jarraituko dugu, eta 2019an Kultur Etxea eraikitzeko proiektua bukatuta egongo da”, azpimarratu zuen. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!