Eneritz Azpitarte izango da EH Bilduren Zaldibarko hautagaia udal hauteskundeetarako

Jone Guenetxea 2018ko aza. 20a, 10:46

Alkategaia aukeratzeko EH Bilduk urrian egindako barneko prozesu parte-hartzailean hautagai bakarra izan da. Hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak izendatzeko prozesua martxoan izango dela gaineratu du koalizioak prentsa oharrean. Bere erroldan izena eman beharko da horretarako.

Eneritz Azpitarte Aranzabalek 33 urte ditu, eta Analisi eta Kontroleko eta Ingurugiro kimikan goi mailako teknikaria da. Azken urteetan laborategi teknikari bezala lanean ibilia enpresa pribatuan. 2015-2019 legegintzaldian Zaldibarko Udalean EH Bilduko zinegotzia izan da, eta 2018ko urtarriletik Zaldibarko alkatea da, Arantza Baigorri ordezkatuta.

Azpitartek “ilusioz” hartu du datozen udal hauteskundeetara begira EH Bilduren hautagaitzaren lidergoa. Alkategaiak gaineratu duenez, “zinegotzi eta alkate bezala esperientzia dut eta lanean jarraitzeko gogoa eta motibazioa ditut. Proiektu garrantzitsuak garatu behar ditugu datozen lau urteetan, Kultur Etxearen proiektua bereiziki”.

Programa lantzeari ekingo dio, eta prozesua hasteko, Zaldibarko Liburutegi Zaharrean batzar irekia deitu dute datorren abenduaren 4rako, 19:00etan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!