Ahobizi izango naiz, ausartu egingo naiz. Ikasketak euskaraz egin nituen beti, lehenik eskolan eta gero Durangoko institutuan. Ikasi nuen, baina gero ez nuen euskaraz berba egiten. Orain dela 10 bat urte, AEKn apuntatu nintzen hizkuntza berreskuratzeko eta berba egiteko. Maila altua neukan, gramatika asko nekien, baina berba egitea lortzea gura nuen. Orduan, klasetik aparte ere kalean euskaraz berba egiten hastea erabaki nuen, eta saiatzen naiz. Jendeak badaki nik euskaraz berba egin gura dudala, eta eurak ere saiatzen dira. Gainera, Berbalagun taldean nabil, eta baita eskolako Gurasolagun taldean ere. Gainera, horrela, jende berria ezagutu dut. Ausartu egin nintzen eta horregatik parte hartuko dut Euskaraldian. Oso motibatuta nago, Zaldibarren euskaraz berba egiteak ilusioa sortzen dit.