Asteon hasita, urtebetez obratan egongo dira Zaldibarko eskolan

Itsaso Esteban 2017ko ira. 18a, 14:30

Aurreko astean ziren lanean hastekoak, baina aste honetara atzeratu dute, azkenean, eskolako obraren hasiera. Ikastetxearen zuzendaritzak, Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, obra burutuko duen enpresak, proiektua gauzatu duten arkitektoak eta udal ordezkariek hilaren 8an egin zuten urtebeteko lan horien egutegia zehazteko batzarra.

Bi fasetan burutuko dituzte lanak. Lehenengoan, futbol-zelaiaren ondoko zonaldean jardungo dira lanean. Arrapala bat ipiniko dute han, eta Partenoia esaten dioten eraikuntzari lotuta egongo den gela berri bat ere atonduko dute. Lanen fase hori Gabonetan amaitzea aurreikusten dute, eta bitartean itxita egongo da ikastetxerako futbol-zelaiaren aldeko sarrera hori.

2018 hasieran ekingo diote bigarren faseari, eta, ondorioz, urtarriletik aurrera futbol-zelaiaren ondoko atea erabiliko dute eskolarako sarbide moduan. Eskola eremuaren beste aldean, eraikin berri bat altxatzeko lanak burutuko dituzte. Partenoiaren eta 3-5 urtekoen eraikinaren artean altxatuko dute bost gela berri hartuko dituen eraikin berri hori.

Espazio falta larria dute azken urteotan Zaldibarko eskolan, eta 2007tik daude berau handitzeko lanak noiz hasiko zain. Azken hamarkadan, ume kopurua asko hazi da, eta gela guztiak bikoiztu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!