Jaietan eraso sexistei erantzuteko protokoloa aurkeztu dute

Itsaso Esteban 2017ko eka. 27a, 10:55

Jaietan gerta litezkeen eraso sexistei erantzuteko adostu duten protokoloaren aurkezpena egin zuten, atzo, Zaldibarren. Jaietan ere Zaldibar eraso sexistarik bako herria izan dadin jardungo direla azpimarratu zuten agerraldi horretan parte hartu zuten herritarrek. Adierazi zuten, ez dutela emakumeen askatasun sexualaren kontrako erasorik, irainik, jazarpen sexualik edo bestelako indarkeriarik onartuko.

Herriko hainbat emakumek bultzatu dute jaiei begira eraso sexisten kontrako protokoloa eratzea, eta eskualdeko beste herri batzuetan martxan jarri izan dituzten gidak oinarritzat hartuz osatu dute Zaldibarkoa. Astelehenean herriko tabernariei eta elkarteetako ordezkariei aurkeztu zieten gida hori, eta azaldu dutenez, tabernetan, txosnetan eta udaletxean egongo da protokoloa eskuragai. 

Besteak beste, erasoa jasan edo haren lekuko izan ezkero berau salatu eta biktimari dagokion arreta eskaintzeko jarraibideak ematen ditu protokolo horrek. Erasoa jasaten duen emakumea lagundu eta babesteko gomendioak jasotzen ditu. Bestalde, jaietan erasoren bat gertatuko balitz berau gaitzesteko mobilizaziorako deia egitea aurreikusten du protokoloak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!