Aitor Arizmendiarrietak zinegotzi kargua utziko du, uztailean

Itsaso Esteban 2017ko eka. 15a, 09:14

EH Bilduko udal talde osoak babestuta eman zuen Aitor Arizmendiarrietak zinegotzi kargua uzteko bere erabakiaren berri, atzo, udaletxean egin zuten prentsaurrekoan. Uztaileko osoko bilkuran aurkeztuko du bere dimisioa, eta EH Bilduk hauteskundeetara aurkeztu zuen zerrendako zazpigarren zaldibartarrak, Jasone Urizarrek, hartuko du zinegotzi kargua.

Sei urte, legegintzaldi bat eta erdi, aritu da Arizmendiarrieta zinegotzi lanetan, eta Ogasun, langileria eta ondare batzordearen buru bezala jardun da. Kargu publikoa uzteko arrazoia, "irakasle eta zinegotzi lanak uztartzeko zailtasuna" izan dela azaldu du Arizmendiarrietak. Zinegotzi karguak dakartzan ardurak utzita ere, Zaldibarko EH Bilduko kide bezala lanean jarraituko duela iragarri du Arizmendiarrietak.  

Herriko hainbat mugimendutako kide izan da Arizmendiarrietaren ordez zinegotzi berria izango den Jasone Urizar. Euskal preso eta iheslarien aldeko ekimenetan, Gaztetxean, Castet Elkartean edota Gure Esku Dago dinamikan parte hartu izan du 38 urteko zaldibartarrak. Hezkuntza publikoan irakasle lanetan dihardu Urizarrek, eta orain arte Eneritz Azpitarte buru izan duen Berdintasun batzordearen ardura hartuko du. Azpitarte, aldiz, Ogasun, langilego eta ondare batzordeko arduraduna izango da aurrerentzean.

Arantza Baigorri alkateak "publikoki eskerrak eman" zizkion atzoko agerraldian Arizmendiarrietari, eta azken sei urteotan udal gobernuan egin duen lana nabarmendu. "Pertsona garrantzitsua izan da Aitor gure taldean, oso langilea". Bestalde, Urizarrek "ekarriko duen bestelako ikuspegia" udal gobernu taldearentzat onuragarria izango dela azpimarratu du Zaldibarko alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!