Euskararen kaleko erabilerak gorako joeran darrai Zaldibarren

Itsaso Esteban 2017ko eka. 1a, 09:48
Datuen arabera, helduak eta umeak elkarrekin dauden elkarrizketetan entzuten da euskara gehien.

"Zaldibarko argazki sonoroa", jendeak kalean darabilen hizkuntzari buruzko datuak, aurkeztu zituen Soziolinguistika Klusterrak, atzo, liburutegi zaharrean egin zuten aurkezpenean. Azaldu zutenez, 2016ko irailean eta urrian egindako neurketen arabera, kaleko elkarrizketen %27,6 da euskaraz, Zaldibarren. 

Euskararen kaleko erabileraren goranzko joera berretsi dute Soziolinguistika Klusterraren datuek: 2006ko azterketan %19,1ekoa zen euskararen kaleko erabileraren ehunekoa, eta %21,7koa 2011n. Hamar urtean, beraz, zortzi puntukoa izan da igoera.

Euskararen kale erabileraren datu horri, beste hainbat zehaztapen ere gehitu dizkio Soziolinguistika Klusterraren azterketak. Adin taldeen araberako erabileraren datuak ere aurkeztu zituen, besteak beste, Belen Uranga teknikariak. Izan ere, esanguratsuak baitira datuok: haurren arteko elkarrizketen %40,5 dira Zaldibarren euskaraz; gazteen arteko %24,3; %21,2 helduen artean eta %27 adinekoen artean. Azken neurketarekin alderatuta, igoera oso nabarmena izan du umeen erabilera datuak.

Beste aldagai inportante bat ere erakutsi du azterketak: elkarrizketan helduak eta umeak elkarrekin egoteak euskararen erabileran daukan eragina erakusten duena. Urangak azaldu zuenez, umeak eta nagusiak nahasian dauden elkarrizketen %41,6 euskaraz dira Zaldibarren. Aldiz, nagusiak bakarrik daudenean %14,9ra jaisten da euskararen erabileraren ehunekoa, eta %22,2ra umeak bakarrik dauden elkarrizketetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!