Erotismoari eta autoezagutzari buruzko emakumeentzako tailerra

Anboto 2017ko mar. 13a, 13:05

Erotismoaren eta autoezagutzaren inguruan jardungo dira Zaldibarko udaleko berdintasun sailak martxorako antolatu duen ahalduntze ikastaroan. Martxoaren 29an, 17:30ean, Liburutegi Zaharrean izango da ikastaroa, eta martxoaren 24ra arte eman ahalko da izena.

Udaletxean, liburutegian zein berdintasuna@zaldibar.eus helbidean eman daiteke tailerrean parte hartzeko izena. Haurtzaindegi zerbitzua eskatzeko aukera izango dute izena eman gura duten emakumeek.

Clara Wolframek gidatuko du "gure gorputz eta gogoen jabe sentitzeko espazio bat sortzea" helburu izango duen tailer hori. Adin guztietako emakumeei luzaturiko proposamena da Zaldibarko udaleko Berdintasun sailak luzatu duena. Izan ere, "adin guztietan gozatu dezakegu gure sentsazio eta sentimenduetaz, gure komunikatzeko eraz, eta gurea den gorputz eder honetaz".

Emakume zaldibartarren interesekoak izan daitezkeen askotariko gaien ingurukoak hileroko hitzorduak antolatzen dihardu udaleko Berdintasun sailak, ikasturte honen hasieratik. Bi ordu inguruko tailer laburrak izaten dira, eta besteak beste, sendabelarrez, Ama Kaxkarren klubaz, teknologia berrien bidezko erasoez eta maitasun erromantikoaz aritu izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!