Maiatzaren 7ko herri galdeketari babesa adierazteko ekitaldia

Itsaso Esteban 2017ko mar. 1a, 11:37

Durangon, Zornotzan, Elorrion eta Abadiñon bezala, Gure Esku Dago dinamikagaz bat eginda, maiatzaren 7an Zaldibarren ere estatus politikoari buruzko herri galdeketa egingo dute. Ekimen hori herrikideei aurkezteko ekitaldia egin zuten, joan zen barikuan.

Hainbat herritarrek erantzun zioten eratu berri den Gure Esku Dago taldearen deialdiari. Izan ere, Zaldibarko askotariko elkarteak eta udalean ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiak gonbidatu zituzten barikuko aurkezpenera. Ekitaldi “xume eta herrikoia” izan zela azaldu dute antolatzaileek, baina bertaratu zen jendeak ilusio handia agertu zuela ere aipatu dute.

Erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko, zaldibartar talde anitza batu da Gure Esku Dago dinamikara, eta ekarpenak egiteko prest dauden herritar guztiei dei egin diete eurekin bat egiteko. Herrian zehar kartel bidez zein sare sozialetan iragarriko dituzten herri batzarretara gerturatzeko gonbidapena zabaldu diete herrikideei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!