Eitzagako auzotarrak “babesgabe” sentitzen dira trenbidea desbideratzeko lanen aurrean

Itsaso Esteban 2017ko ots. 17a, 13:15

Ermuako saihesbideko bi urteko obrak amaituta, trenbidekoak jasan behar dituzte beste hiru urtez Eitzagako auzotarrek.

Bi urtez, Ermuako saihesbidea eraikitzeko burutu dituzten lanek zuzenean eragin diote trenbidearen eta autobidearen artean dagoen Eitzaga auzoari. Saihesbideko lanen parterik handiena amaituta, orain, Euskal Trenbide Sareak hasi dituen lanek dauzkate Eitzagako auzokideak kezkatuta. Trenbidea desbideratzeko lan horiek 36 hilabeteko iraupena izango dute, eta, besteak beste, kilometro  eta erdiko tunel bat eraikiko dute, Ermuatik Eitzagaraino. “Umeak ditugu. Tunela egiteko eztandak hasten direnean, zer egin behar dugu, beste nonbaitera bizitzera joan?”, diote kezkatuta auzotarrek. Tunela egiten hasteko, eremua prestatzen dabiltza ETSko langileak, orain.

Azken urteetan saihesbideko obraren eraginez jasan behar izan dutenaren ostean, beste hiru urtez horrelako obra baten albo kalteak jasatea ezinezkoa dutela adierazi diote Eitzagako auzotarrek ETSri. Egunean 80 kamioi baino gehiago ibiliko dira tunela egiteko hondeatutako lurra garraiatzen, eta horri obran diharduten bestelako langileen joan-etorriak ere gehitu behar zaizkio. “Gure auzotik irten beharrean, kamioiak Ermuako nazionaletik ere irten daitezke”, diote auzokideek, baina “kamioi bakarra ere ez dute Ermuatik bideratu gura. Nahiago dute Ermuako lurrak ez direnetatik bideratu, gure auzotik, jende gutxiago bizi denez gutxiago kexatuko den lekutik”.

Babesgabe sentitzen direla salatu dute auzotarrek. “Obrek guri eragiten digute, baina inork ez gaitu kontuan hartzen, ezta informatzen ere. Ermuako Udalak, Aldundiak eta ETSk ez dute kontuan hartu, ez Zaldibarko Udala, ezta Eitzagako biztanleria ere”, gaineratu dute.

Urtarrileko batzarra
Urtarril amaieran, Arantza Baigorri Zaldibarko alkateagaz eta ETSren ordezkariekin batzarra burutu zuten Eitzagako dozena bat auzotarrek. Auzotarrek eta Zaldibarko Udalak Eitzagan ahalik eta kalterik gutxien eragiteko konpromisoa eskatu zioten batzarrean ETSri. Auzoa zeharkatzea ekiditeko, kamioiak hasierako proiektuak jasotzen zuen lekutik bideratzea eskatzen dute bizilagunek.

“Beraientzat onurarik ez dakarten azpiegitura handien eraikuntzaren albo kalteak jasan behar dituzte behin eta berriz Eitzagako biztanleek”, dio Baigorri Zaldibarko alkateak. “Udal moduan ahal duguna egiten dugu; guk ez daukagu indarrik hau gelditzeko, egin dezakeguna da auzotarren eskariari bultzada ematen saiatzea, eta horretan gabiltza”, dio Baigorrik. Auzotarrak bezala, bestalde, informazio ezagatik kexu da Zaldibarko Udala ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!