Oinezkoentzat herri “seguru eta erosoa” lortzeko pauso berria Zaldibarren

Joseba Derteano 2017ko ots. 1a, 17:24

Udalbatzarraren aho bateko baietzagaz, Irisgarritasun Plana behin-behinean onartu zuten pasadan astean. Oro har, oinezkoen ikuspegitik diseinatutako plana da, oinez dabiltzanei lehentasuna ematen diena, eta helburu horretara bideratuta daude plana osatzen duten ekintzetako asko.

“Nork ematen dio bizia herriari? Oinezkoak, kalean dabilenak. Eurentzat herri seguru eta eroso bat bilatzea da planaren ideia nagusia”, azaldu du Arantza Baigorri alkateak. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra diseinatzerako prozesuan herritarrengandik jasotako iritziei jarraituz idatzi dute Irisgarritasun Plana.
Horrela, Santa Isabel kalea eta Euskalerria kaleko zati bat oinezkoentzat berrantolatzea aurreikusten dute planean. Beste kale batzuk erdi oinezkotu egingo lituzkete.

Aldaketa horiek herri barruko trafikoa berrantolatzea eskatuko lukete. “Autoek herrira sartzeko edo handik irteteko ibilbide bat izan behar dute, baina bikoak barik norabide batekoak izan daitezke. Horrela, oinezkoentzat espazioa irabaziko litzateke”, azaldu du Baigorrik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!