Zaldibarrek inoizko diru-atalik baxuena izango du inbertsioetarako 2017an

Anboto 2016ko abe. 27a, 14:11

"Udalkutxara 147.000 euro itzuli beharrak aurrekontuak baldintzatu ditu", azaldu du Zaldibarko EH Bildu alderdiko gobernu taldeak gaur eguerdiko aurrekontuen eztabaidan. Inoizko diru-atalik baxuena bideratuko dute inbertsioetara (98.000 euro). EAJ eta PSE-EE abtenitu egin dira.

2.882.287,75 euroko aurrekontua onartu du Zaldibarko udalbatzak 2017 urterako (iaz baino 95.000 euro gehiago). EH Bilduk azaldu duenez, 27 urtean abenduan, urtea hasi orduko aurrekontuak onartzen dituzten lehenengo aldia da. Koalizioak inbertsioak egiteko ezintasuna nabarmendu du Udalkutxara itzuli behar duten 147.000 euroak gogora ekarriz.

Oposizioaren abstentzioa

Aurrekontuen eztabaidan PSE-EE eta EAJ abstenitu egin dira. PSE-EEren arabera, Zaldibarko Udala Udalkutxaren esku dago eta ez du inbertsio handirik egiteko aukerarik. Bestalde, Alberto Aranzibia EAJko zinegotziak azaldu duenez, aurrekontuen eztabaidan jeltzaleek abstenitzea erabaki dute "auzoak ez direlako kontuan hartu". Arantza Baigorrik zinegotzi jeltzaleari erantzun dioenez, Eitzagan ETS eta Interbiaken proiektuaren inguruan informazio gehiago izan arte udalak ezingo du esku hartu. Olarreagan eta Zallabenten berriz, hobekuntzetako batzuk Elizak egitekoak direla azaldu du alkateak.

Aurrekontu parte-hartzaileak

Inbertsioetara bideratutako 98.000 euro horietatik, 30.000 aurrekontu parte-hartzaileetara bideratu dute. Arantza Baigorri alkateak azaldu duenez, dagoeneko batzar bat egin dute herritarrekin eta proposamenak jaso dituzte. Urtarrilaren amaieran bigarren batzarra egingo dute aurrera eramango diren proiektuak zehazteko. Horretarako herritarrek botoa eman beharko dute.

Orain arte, 200.000 euro inguruko inbertsioetarako erabili izan dituztela azaldu du koalizioak. Iaz 136.000 euro izan zituzten. Udalkutxari 147.000 euro itzultzeak, inbertsioetan eragin zuzena izan duela azpimarratu du alkateak. Herrian inbertsioak egiteko beharrizana badagoela gaineratu du. "Kultur Etxe bat behar dugu bertan ekitaldiak antolatu ahal izateko. Frontoiko eta polikiroldegiko teilatuek ere konponketa behar dute", Baigorriren berbatan.

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!