“Iazko emaitzak hobetzeko” asmoz egingo dute bigarren maratoi solidarioa

Aimar Esteban 2016ko abe. 16a, 10:51

Maratoi solidarioaren bigarren edizio honetan egun osoko egitaraua prestatu dute jendearen kontzientzia pizteko asmoz. Iazko arrakasta ikusirik, aurten “emaitzak hobetu edo behintzat berdintzea gura dugu”, adierazi du Andoni Mesak, Los alakranes del norte elkarteko kideak.

10:00etan hasita, tonbola eta zumba solidarioa egingo dituzte. Ondoren, eguerdian, kontzertuak hasiko dira. Lehenik, El Reciclador 10 Berrizko kantautorea, eta ondoren, Izaro Andres igoko dira eszenatokira. Arratsaldean saskibaloi partidua jokatuko dute Zaldua eta Tabirakoko beteranoek. 18:00etan txokolatada egingo dute, eta Oihan Vegak eta Ermuako Inshomnio taldeak emango diote amaiera jai egunari.

Tonbolari dagokionez, “Sari gehiago heldu zaizkigu aurten. Adibidez, Jon Fernandez boxeoko munduko junior txapeldunaren eskularruak, Athleticen kamisetak sinatuta, jostailuak edo hainbat artisten diskoak, besteak beste”, dio Mesak.

Egutegi solidarioa
Egutegi solidario bat ere egin dute, eta herriko hainbat elkartek parte hartu dute bertan: Zaldibarko Gaztetxeak, Helmuga Emakumeen Elkarteak, Zalduako saskibaloi taldeko beteranoek, egur lanketa taldeak, triatloi, padel eta arku jaurtiketa taldeek, Zaldua Mendi Taldeak, Txintxaur Aisialdi Taldeak eta Nagusien Elkarteak. “Jendea gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari da”, azaldu du Mesak. Hainbat ezagunek ere beraien irudia jarri dute egutegian. Oihan Vega aurkezlea, Storm, Ska-P, Vulpes edo Hora 13 taldeko kideak eta Jon Gurrutxaga abeslaria agertu dira argazkietan. Bi mila ale atera dituzte, eta Zaldibarko eta Durangonko hainbat lekutan daude salgai. Biltzen den diru kopurua La Cuadri del Hospi-rentzat izango da.

Mesa hezur-muin emailea da, eta, bere ustez, “Durangaldean jendeak ekonomikoki nahiko laguntzen duen arren, emaileak behar dira; jendea emaile egitera animatzen dut, ez du minik egiten-eta”, adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!