Zelan definituko zenuke mikromatxismoa?
Apurka-apurka eta konturatu barik, modu inkontzientean barneratzen ditugun mezu, irudi eta ideiek eragiten dute mikromatxismoa. Gizarteko esparru guztietan aurkitu daiteke, baina, sarritan, adibide konkretu bat jarri arte ez gara ohartzen. Naturaltzat jotzen ditugun jokaerak dira.
Jokabide matxista batzuek gero eta gaitzespen handiagoa dute gizartean, baina ematen du mikromatxismoak baduela legitimazio maila bat oraindik.
Intentsitate maila askotako mikromatxismoaren isla diren askotariko jarrerak legitimatuta daude gizartean, onartutzat ematen dira. Legitimazioarena kontzeptu ukiezina dela ematen du, baina oso garrantzitsua da indarkeria kasu denetan.Indarkeria hor dago, legitimatuta dagoelako. Europan, estatuan zein Euskal Herrian ehunka araudi daude, bai, baina badago legitimazio bat, eta horregatik existitzen da indarkeria.
Gehiago edo gutxiago, denok daukagu mikromatxista bat gure barruan?
Gizonek zein emakumeek. Erantzukizuna denona da. Denok ditugu gure mikromatxismo zertzeladak jokaera batzuetan. Gertatzen dena da mikromatxismoaren jokaera banan-banan eta modu isolatuan aztertuz gero ez diegula garrantzirik ematen. Baina orain bat eta gero bestea zenbatzen hasten garenean konturatzen gara arazoaren benetako neurriaz.
Mikromatxismo denek larritasun maila berdina dute ala mailakatu daitezke?
Batzuk estaliak, ezkutukoak dira, eta beste batzuk ez hainbeste. Estaliak detektatzea gaitzagoa da, eta jendarteak ez ditu larritzat hartzen. Agerikoagoak diren kasuetan jendartea kontzienteagoa izaten da.
Kasu bietako adibide bana emango diguzu?
Agerikoetan genero indarkeriagaz harreman zuzenagoa duen adibide bat izango litzateke; adibidez, gizonezkoak emakumezkoaren rola gutxiesten duenean: umeekin etxean egon behar duena emakumea denean… Ageriko mikromatxismoa genero indarkeria bihurtu daiteke. Ez da beti emango, baina batetik besterako garapen hori eman daiteke. Oharkabeko kasuen artean, adibidez, hau: bikote batean kotxea biek badute, zeinena izan ohi da handiagoa edo potentzia handikoagoa? Normalean, gizon edo senarrarena. Edo telebistako agintea nork izan ohi du eskuartean? Edo bankuko kontu korronte zenbakian noren izena agertzen da lehenengo?
Teknologiaren aroan bizi gara eta horrek eragin zuzena du hartueman ohituretan: Mugikorrak, sare sozialak… Zer eragin du horrek guztiak mikromatxismo kasuetan?
Eragin zuzena eta negatiboa dute, bai mikromatxismoaren eta baita, oro har, indarkeria matxistaren adierazpenetan zein zabalkundean ere. Teknologia berrien bidez indarkeria adierazpide berriak agertu dira. Hori argi ikusten dugu sare sozialetan zein WhatsApp-ean. Gizonak emakumea kontrolatzeko aukera berriak sortu dira: mezuak irakurriz… Gizonari eta emakumeari loturiko estereotipoak ere askoz errazago zabaltzen dira. Gainera, emakumeek, horrela hezita daudelako, askoz gehiago adierazten dituzte euren sentimenduak sare sozialetan. Edo gizonezkoek baino argazki gehiago sartzen dituzte. Sentimenduen gehiegizko esposizioa deitzen diogu. Horrek ahultasun irudia ematen du.