Frankismoaren biktima zaldibartarrei omenaldia egingo diete urriaren 23an

Itsaso Esteban 2016ko urr. 19a, 10:15
Arantza Baigorri alkateak eta lau zinegotzik agerraldia egin zuten atzo, domekako ekitaldia aurkezteko.

Frankismoan hildako zaldibartarrei omenaldia egingo diete, lehenengoz, domeka honetan. Udaletxe plazan egingo dute frontean, erbestean zein bonbardaketetan hildakoak eta desgertutakoak omentzeko ekitaldia.

Omenaldira gonbidatu dituzten senitartekoak eta herritarrak hartzeko karpa bat ipiniko dute udaletxe plazan, eta bertan burutuko dute domekako ekitaldia, 12:00etatik aurrera.

Carmen Sampedro eta Iñaki Mendiolagarai zinegotziek —Primo Bastidaren senitartekoa da Mendiolagarai— hartuko dute, lehenengo, berba, eta bideo emanaldi bat eta Garikoitz Sarriugarte herrikidearen bertsoak izango dira, ondoren. Dantzarien emanaldiaren ostean, Arantza Baigorri alkateak hartuko du hitza, eta lore-eskaintza egingo dute udaletxe plazako ikurriñaren azpian ipiniko duten oroitarrian. Zaldibarren faxismoak hildako guztien izenak jasoko ditu oroitarri horrek.

80 urteko hutsunea

Urriaren 25ean beteko dira 80 urte 36ko altxamendu faxistaren Zaldibartarko lehenengo biktima hil zela, eta horregaitik erabaki dute omenaldia urriaren 23an egitea. Eibarko Amuategi bataloiko kide izan zen Primo Bastida Garitagoitia milizianoa izan zen Zaldibarko lehenengo hildakoa; Irunen faxismoaren kontra borrokan jasandako zaurien ondorioz hil zen, 26 urte zituela. Bastida bezala frentean, fusilatuta, bonbardaketetan, edo erbestean hildakoak eta desagertuak hartuko dituzte, domekako omenaldian, gogoan. Zaldibarko 28 andra, gizon eta ume.

Oroimen ekitaldia eta oroitarria ipintzea, “belaunaldi gazteek gure historiaz galde dezatela bultzatzeko” modua izatea espero dute ekitaldiaren antolatzaileek. Omenaldia gure historiaren testigantzak jasotzeko akuilu izatea ere espero dutela adierazi du Arantza Baigorri alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!