Neguko azokarako izen-ematea urriaren 21era artekoa da

Itsaso Esteban 2016ko urr. 19a, 10:30

Azaroaren 27an, Euskal Herria etorbidean ipiniko dituzte Zaldibarko XVIII. Neguko Azokako erakusmahaiak. Beraien baserrietan landutako produktuak azoka horretan saldu gura dituzten Durangaldeko, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko nekazariek urriaren 21era arte izango dute izena emateko aukera. Zaldibarko udaletxean edo 94 682 70 16 telefonora deituta eman daiteke izena.

Urtero bezala, ortuetan eta baserrietan landutako askotariko produktuen erakusketa eta salmenta ezezik, lehiaketa ere egingo dute Zaldibarko Neguko azokan. Barazki, fruta, txakolin, ogi, ezti eta gaztarik onenak sarituko dituzte, eta baita ondoen apainduriko erakusmahaia ere. Ortuari eta fruta onenei 125 euroko saria emango diete; txakolin, ogi, ezti eta gazta onenari 100 euro; eta 125 euro ondoen apainduriko erakusmahaiari. Sari banaketa 14:00etan egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!