Elkarteetako kideak dira, aurten, egutegi solidarioko protagonistak

Anboto 2016ko ira. 22a, 16:00

Bigarren urtez, haurren minbiziaren ikerkuntzarako dirua biltzeko egutegi solidarioa kaleratu dute Zaldibarren. Gaur eguerdian aurkeztu dute.

Sorgin tabernan salduko dute 5 euroan, eta batutako dirua Gurutzetako ospitalera bideratuko dute. Horrela egin zuten iaz ere: minbizia duten umeen familien elkartearen bitartez, gaixotasun horren ikerkuntzara bideratu zituzten egutegiaren salmentatik eta tonbola solidariotik bildutako 12.000 euroak.

Iaz bezala, Zaldibarko herritarrak dira egutegi solidarioko argazkietako protagonistak, kultur zein kirol arloko elkarteetan dabiltzan herritarrak eta musikariak, esaterako. Iaz soinean arropa gutxi zutela agertu ziren egutegian hainbat zaldibartar, baina bigarren edizio honetan jantzita agertzen dira guztiak.

Gaur egin dute 2017ko egutegiaren aurkezpena, eta bertan izan dira argazkietan agertuz kolaboratu duten hainbat zaldibartar. “Ekimen solidarioa zela jakitean, ez genuen parte hartzeko zalantzarik egin”, esan du Pilar Zaldibar nagusien elkarteko kideak. Ildo horretatik, denen parte hartzea eskertu, eta “Zaldibar herri txikia da, baina horrelakoetan, benetan handia” dela esan du Andoni Mesa ekimenaren bultzatzaileak.

Iaz egutegiaren lau mila ale kaleratu zituzten, eta aurten bi mila argitaratu dituzte. Mesak azaldu duenez, “iaz hainbat ale saldu barik geratu ziren”, eta kontrara egingo dute aurten: “Salmenta ondo badoa pentsatuko dugu gehiago atera behar ditugun ala ez, baina ez dugu alerik sobratzerik nahi”.

Abenduaren 17ko tonbola
Egutegia kaleratzeaz gainera, abenduaren 17rako dirua biltzeko tonbola ere antolatzen dabiltza, iaz bezala, Zaldibarren. Urte hasieratik jendea ematen ibili askotariko artikuluak salgai ipiniko dituzte egun horretan, eta askotariko ekintzak izango dira. Saskibaloi partidak, bizikleta ibilaldiak, umeentzako tailerrak eta jolasak, eta kontzertuak izango dira, abenduaren 17an. Andoni Mesa antolatzaileak aurreratu duenez, Blanco y en Botella, Izaro, Hora Trece eta Insomnio taldeek joko dute, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!