Irailaren 16ra arte eman daiteke izena Zapatublai programan

Anboto 2016ko ira. 9a, 17:00

Irailaren 16ra arte eman daiteke izena ume eta gazteei aisialdia euskaraz gozatzea eskaintzen dien Zapatublai ekimenean parte hartzeko. Aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko helburuz, udaleko euskara zerbitzuak antolatzen du programa hori, eta udaletxean eman daiteke izena.

Urriaren 1ean hasi eta ekainaren 17an amaituko da Zapatublai-ren ikasturtea. Aurreko urteetan bezala, hamabostean behin —zapatu arratsaldetan, hiru orduz— elkartuko dira bertan izena ematen duten umeak. Haur Hezkuntzakoen eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zein bigarren ziklokokoen taldeak osatuko dituzte.

Gaztelekua ere martxan

Irailaren 16an abiatuko dute Gaztelekuan ere ikasturtea. Olazar futbol zelai zaharrean dago Gaztelekua, eta aisialdia partekatzen dute, bertan, 12 eta 16 urteko gazteek, asteburuetan. Bariku, zapatu eta domeketan, 17:00etatik 20:30era egoten da Gaztelekua zabalik, eta askotariko ekintzak egiten dituzte bertan. Zapatublai ekimenean bezala, euskaraz jardutea da Gaztelekuko arau nagusienetako bat.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!