Eskolako teilatuko obran azken ukituak ematen dabiltza langileak

Anboto 2016ko ira. 8a, 11:00

Atzo hasi zuten ikasturte berria Zaldibarko eskola publikoan, eta abuztuaren 27rako amaituta egotea aurreikusita zegoen Lehen Hezkuntzako eraikineko —Partenoia izenagaz ezagutzen dena— obrari azken ukituak ematen dabiltza langileak.

Eskolako ohiko jardunean trabarik ez egiteko, udan ibili dira eraikin horren teilatuan konponketa lanak egiten, eta ikasle eta irakasleek kurtso berria abiatu dutenerako, lanen parterik handiena amaituta egon da, baina azken ukituak irailean emango dizkiote obrari.  

Udalaren eta eskolaren urteetako eskaria izan dena gauzatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Lehen Hezkuntzako eraikinean obra hau burututa: eraikinak sabaian zeuzkan arrakalak, itoginak eta hezetasun arazoak konpondu dituzte. Zaldibarko Udalak duela bi urte iragarri zuen Hezkuntza sailak 2015. urtean burutuko zuela obra hau. Urtebeteko atzerapenagaz gauzatu dute, beraz.

Espazio falta

Duela bi urte teilatuaren eta eraikinaren hezetasun arazoak konpontzeko obra honen iragarpena egin zutenean, eskolan dagoen espazio faltari erantzuna emango dion handitzearen beharraz ere jardun ziren udaleko ordezkariak. Arantza Baigorri alkateak asteon berretsi du, Lehen Hezkuntzako eraikin horren espazio faltari erantzuteko obra egiteko konpromisoa 2014tik hartua duela Jaurlaritzak, eta proiektua ere eginda daukala. “Ikasturte honetan gela guztiak dauzkagu beteta, eta datorren ikasturterako espazio falta izango dugula aurreikusten dugu”, azpimarratu du Zaldibarko alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!