Aste honetan hasiko dira futbol-zelaia konpontzen

Anboto 2016ko ira. 6a, 11:00

Abuztu hasieran esleitu ditu Zaldibarko Udalak futbol-zelaian egingo dituzten konponketa lanak. Udal gobernuak pasadan astean jakitera eman zuenez, Sadekosa S.A. enpresak burutuko du 136.761 euroko aurrekontua daukan proiektua.

Arantza Baigorri Zaldibarko alkateak adierazi duenez, datorren astean hasiko dute obra, eta bi hilabeteko epea izango dute lanak amaitzeko. Obrak futbol-zelaiko jardunean eraginik izango ez duela azpimarratu du udalak.

Zaldibarko Udala 145.000 eurogaz indemnizatu dute Solobarria eraiki zutenek. Ekainean eman zuen udal gobernuak albistea: kalte-ordain horregaz, obra gauzatu zutenek “gaizki egindako guztiak konponduko” zituztela aurreratu zuten. Besteak beste, 2008an inauguratu zuten futbol-zelaiaren isolamendua hobetuko dute hezetasunagaz dauden arazoak konpontzeko asmoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!