Gazte burujabeak izateko gurasoenetik joan ahal izatea ezinbesteko pausoa dela uste dute Barrurako kideek, eta “gazteok daukagun arazoaz kontzientzia hartzea eta denon artean alternatiba bideragarri bat bilatzea” dute helburu.
Alternatiba bideragarria
Emantzipatu gura eta ezin duten Zaldibarko gazte guztientzat alternatiba izango dena bilatzea gura dute Barrurako kideek: “Alternatiba hori zein izango den denon artean erabaki beharko dugu”, diote. San Martinek azpimarratu duenez, “ideal asko daukagu, baina aukera erreala sortu behar dugu”.
Alternatibak eraikitzeko baldintzak Zaldibarren badaudela uste dute: “Batetik, erroldaren arabera 244 etxebizitza huts daudelako gure herrian, Durangaldean badagoelako etxebizitza eskubidearen inguruko mugimendu bat, eta badaukagulako, teorian, udalagaz harreman onak edukitzeko aukera”. Zabartek eta San Martinek uste dute gazte asko ez direla “kontziente arazoaren tamainaz”. Diote, gazteen ia %100ek erantzun duela gurasoenetik joatekotan bikotekideagaz joango liratekeela. “Jenderik gehienak ez du lagunartean alokairuan bizitzeko aukera planteatu ere egiten...”, diote.
Egoeraren erretratua
16 eta 35 urte arteko zaldibartarren egoeraren berri jakiteko, etxebizitzari buruzko inkesta bat burutu zuten irailean. “Bagenekien gazteak oso berandu emantzipatzen direla, baina orain datuak dauzkagu”, diote: “Adibidez, 25 eta 30 urte arteko gazte askok esan ziguten emantzipatzeko asmoa badutela, baina asmo hori bi urteren buruan gauzatzeko modurik ez dutela ikusten”. Bestalde, udalera ere jo zuten informazio eske, eta alokairuaren prezioen eta eredu alternatiboen inguruan ere bildu dute informazioa.
Apirilean, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko akanpada bat egin zuten Barrura ekimenak deituta, eta Gasteizko Errekaleor auzo okupatuko ordezkari baten berbaldia ere antolatu zuten. Herriko etxebizitza hutsak seinalatu dituzte, eta etxebizitza eskubidea gauzatzeko gazteek dauzkaten zailtasunen berri zabaldu dute herrian.