Bestalde, etxeko lanen banaketa parekidea aldarrikatu du Castet Elkarteak jaien hasierako agur horretan, eta eraso sexista, arrazista, eta xenofoboen kontra eta askatasun sexualaren aldeko aldarria ere zabaldu du. Elkartekideen berbetan, “gizartea aldatzeko grina duen jendearen bilgune izan da 25 urtez Castet”, eta Zaldibarko jaietan ere horrela izatea gura dute.
Zaldibarko abertzale ezkertiarren bilgune izateko sortu zuten, 1991n, Castet Elkartea. Eta bizitzaren ikuspegi ezkertiar eta abertzalea dutenen elkargunea da gaur ere. Elkartearen sorreran parte hartu zuen Gaizka Zabartek gogora ekarri du Elkartea martxan jartzera bultzatu zituen helburua: “Sozializaziorako leku bat behar genuela erabakita heldu genion Castet Elkartea sortzearen ideiari”. Hainbat lagun bildu, eta 1937ko Santamañezarreko borrokan tropa frankisten kontra borrokan hil zen Castet komandantearen izena ipini zioten Elkarte berriari.
Memoria historikoa
“Sortu genuenetik, memoria historikoa lantzea izan da elkartearen lehentasunetako bat: Euskal Herriaren aldeko borrokan jausitako guztien memoria gordetzea”, azpimarratu du Zabartek. Helburu horregaz, 1993tik, apiril guztietan, 1937ko apirilaren 25eko Santamañezarreko borroka gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte Castet Egunean: Santamañezarrera igoerak, ekitaldi politikoak, trintxeren garbiketak, frankismo sasoitik herriko hainbat etxe ataritako plakak kentzea...
Omenaldia
Memoria historikoaren arloan Castet Elkarteak egiten duen lanaren adibidea da, udalagaz elkarlanean, frankismoak hildako zaldibartarren omenez urrirako antolatzen dabiltzan omenaldia. Altxamendu faxistaren 80. urteurrena betetzen den honetan, aho batez erabaki du Zaldibarko Udalak omenaldi hori antolatzea. Frankismoak herrian hildakoen inguruko ikerketa egina dauka Castet Elkarteak, eta lan horretan oinarrituta egingo dute ekitaldia.
Belaunaldien artekoa
Zaldibartar belaunaldi berriak eten barik joan izan direla Castet Elkartea berritzen, horixe baloratu du Gaizka Zabarte elkartekideak urteotako lorpen handienetakotzat. “Gazte askoren lehenengo sozializazio lekua izan da Castet Elkartea: herriko gazte askok egin izan dute tabernako barran lan, esaterako. Oso pozik gaude, Castet Elkartea belaunaldi diferenteen topaleku bat baita orain ere”, azpimarratu du Zabarte elkartekideak. Urteetan, elkartean sortutako ideia askok herrian proiekzio bat izan dutelako ere harro daude Castet-eko kideak.
Jaiei hasiera emateko aukeragaz momentu gozoa igarotzen badabiltza ere, beraien egoitza Herriko Tabernen sumarioan dagoelako kezkatuta ere badaude Castet Elkartekoak: “Euskal Herritar askorena bezala, Casteten izena ere Audientzia Nazionalean dago, eta zalantza juridiko horretan bizi gara”.
"Ezkertiar eta abertzaleen bilgune" izan gura du Castet Elkarteak.
Frankismoko plakak kendu zituzten, duela urte batzuk, Elkarteko kideek.
Belaunaldien arteko topaleku izateaz harro dago Castet Elkarte