Futbol zelaiaren eraikitzaileek kalte-ordaina eman diote udalari

Anboto 2016ko eka. 30a, 09:00

Zaldibarko Udala 145.000 eurogaz indemnizatu dute Solobarria futbol zelaiaren proiektuaren arduradunek. Udalagaz sinatu duten akordioaren arabera, 63.000 euro ordaindu ditu Exbasa enpresak, 42.000 arkitektuak eta 40.000 aparejadoreak.

Udal gobernuak asteon azpimarratu duenez, obra gauzatu zutenek “gaizki egindako guztiak konponduko” ditu udalak diru horregaz. Izan ere, Arantza Baigorri alkateak dioenez, inauguratu zuten egunetik, arazoen iturri izan da eraikuntza hori: “Isolamendua ez zutelako behar bezala egin, hezetasun arazoak  daude eraikuntza osoan, bi urte dira igogailua ez dabilela...”.

Baigorrik nabarmendu du, enpresa eraikitzaileen kontra bide judizialetik jo beharrean akordioa lortu gura izan duela udal gobernuak, “arazoa epaitegietan konpondu arte beste hainbat urte itxaron beharko genuelako bestela”.

Bi milio euro t’erdiko inbertsioa egin ostean, 2008an futbol zelai berria inauguratu zutenetik, konponketak egiten udalak 45.000 euro baino gehiago gastatu dituela azpimarratu du Baigorri alkateak: “Lardaskeria handi bat izan zen obra hau”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!