Kokapen berria izango du txosnaguneak aurten

Anboto 2016ko eka. 29a, 17:03

Uztailaren 7tik 10era arte ospatuko dituzten Zaldibarko jaietako nobedade nagusien berri eman dute gaur, Arantza Baigorri alkateak eta Delfín Zubizarreta zinegotziak. Azaldu dutenez, aurten, Jose Antonio Agirre parkearen eta ospitalaren artean atonduko dute txosnagunea.

Zubizarreta zinegotziak azaldu duenez, azken urteetan txosnagunea kokatuta egon den lekuko auzokideen eskaria izan da txosnagunea lekuz aldatzea. Aurrerantzean, txosnagunea urte bakoitzean herriko leku desberdin batean ipintzea da, Zubizarretak adierazi duenez udal gobernuaren proposamena: "Ez daitezen beti auzokide berdinak izan jaietako zarataren eragina pairatzen dutenak", zinegotziaren berbetan.

Txosnagune berri horretan izango dira, besteak beste, Zaldibarko jaietako kontzertuak: uztailaren 7an, Zain, The Crazy Wheels eta Nevadah taldeak arituko dira bertan, eta Joxe Replay eta Arkada Social, uztailaren 8an.

Castet Elkartea txupinero
Castet Elkartea izango da, aurten, jaiei hasiera emango diena. Txupinazoaren aurretik, 19:00etan, aurreskua eskainiko die dantzari zortzikote batek elkarteko kideei, eta ondoren botako dute Castet Elkartekoek jaien hasierako txapligua.

Zapiko irudia
Baigorri alkateak eta Zubizarreta zinegotziak azaldu dutenez, Zaldibarko Udalak aurrerantzean erabiliko duen irudia dauka udalak aurtengo jaietarako atera duen zapiak: zaldia eta zuhaitza barik, Eitzagako errotako armarrian oinarrituriko hiru otso agertzen dira zapi berian. Azaldu dutenez, herriko tabernetan salgai daude jaietarako atera dituzten 300 zapi horiek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!