Abadiñoko Udalari eskatu diote Muruetako birkalifikazioagaz ez dezala jarraitu

Anboto 2016ko eka. 13a, 10:30

Abadiñoko Udalak Murueta auzoko lursail bat birkalifikatu eta saltoki handi biri lizentzia emateko asmoari buruzko bost eskari biltzen dituen mozioa aurkeztu zuen, joan zen egueneko udalbatzarrean, EH Bilduk. Oposizioko EAJ eta PSEko bost zigotzien abstentzioagaz, eta EH Bilduko sei ordezkarien aldeko bozkagaz onartu zuten eskari hori. Abadiñoko Udalaren asmoak Durangalde osoari eragiten diola azpimarratzen du EH Bilduren mozio horrek. Arantza Baigorri alkatearen berbetan, "gure kasuan, Zaldibarko merkataritza txikia bultzatzeko hainbat proiektu bultzatzen gabiltza, eta horrelako proiektuek kalte egiten digute: kontrako noranzkoan doaz".

Muruetako bi saltoki handi horien balizko irekierak Zaldibarko komertzio txikiari eragingo dizkion kalteak kontuan hartuta, Zaldibarko Udalak Abadiñokoari eskatu dio "bertan behera utz dezala lursailaren izendapenaren aldaketarako tramitazioa".

Bestalde, gobernu taldearen proiektuaren inguruan Abadiñon herri galdeketa bat egitea eskatzen dabilen Kaleartean plataformari babesa agertu dio Zaldibarko Udalak, eta Durangaldeko herri guztiei deia egin die, "hiri-merkataritza ez periferikoan oinarrituriko hiri garapen eredu bat defendatzeko".

Esan bezala, EH Bilduk aurkezturiko idatzi horren aldeko bozkarik ez zuten eman jeltzaleek eta PSEk: abstenitu egin ziren. Oposizioko alderdi bi horien ustez, Zaldibarko Udalak ez luke beste udal baten erabakietan sartu behar.

Ospitaleko lurren tramiteak aurrera

Eusko Jaurlaritzak 10 urte luzagarrirako Zaldibarko udalari laga dion ospitale psikiatrikoko hiru mila metro koadro baino gehiagoko lursailaren erabilpen eskubidea onartu zuen, Zaldibarko Udalak, bestalde, joan zen egueneko plenoan.

EH Bilduko gobernu taldeak aurreratu duenez, uda honetan hasiko dituzte lursail hori herritarrentzeko berdegune bezala atontzeko obrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!