Sei musika taldek joko dute eguenean hasiko den Zaldibarko Gari Rock jaialdian

Anboto 2016ko eka. 7a, 10:15

Zaldibarko Gari Rock Fest jaialdiaren laugarren edizioa ekainaren 9an hasiko da, eguenean, 20:00etan. Rocka folkagaz uztartzen duen Mooshine Wagon hirukote gasteiztarra arituko da egun horretan, Castet Elkarteko terrazan.

Ekainaren 9, 10 eta 11rako sei kontzertu antolatu dituzte Gari Rock jaialdiaren barruan, Zaldibarren. Aurreko edizioetan bezala, “gure ahalmenen barruan ahalik eta kalitaterik handieneko musika jaialdia eskaintzea” izan dute erronka, Iban Berasaluze Gari Rock elkarteko kidearen berbetan. “Euskal Herriko mailarik goreneko rock taldeak  ekartzea” lortu dute aurten ere.

Zapatuan, ekainaren 11n joko duen Highlights da aurtengo kartelburua. “Energiaz beteriko rocka egiten dute, 70eko hamarkadako estiloko rocka egiten dute, oso ondo landutakoa”, azpimarratu du Berasaluzek. Egun horretan joko du, baita, azken aldian kontzerturik eskaini barik egon den The Riff Truckers taldeak ere. Lehenago ere gonbidatu izan dituzte gernikarrak Zaldibarrera, eta ekainaren 11ko egun osoko plana borobilduko dute euren emanaldiagaz, oraingoan.

Ekainaren 10a izango da Gari Rock jaialdiko Durangaldeko musikaren gaua. Yoko Out durangarrak eta Han elorriarrak arituko dira egun horretan, Zaldibarko Gaztetxean.

Doakoak edo hiru euroko sarrera duten emanaldiak izango dira guztiak. “Izan ere, gure helburua ez da etekin ekonomikoa ateratzea, ahalik eta musikazale gehien erakartzea baizik”, Berasaluzek azaldu duenez.

 

Egitaraua:

· Ekainaren 9an, 20:00etan, Moonshine Wagon,Castet Elkartean

· Ekainaren 10ean, 22:00etan, Yoko Out + Han, Gaztetxean

· Ekainaren 11n, 14:30ean, Herri bazkaria, Gaztetxean

                          16:30ean, The Reverendos, Gaztetxean

                           23:00etan, Highlights + The Riff Truckers, Gaztetxean

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!