Jaurlaritzak bihar onartuko du ospitaleko lurrak udalari lagatzea

Anboto 2016ko mai. 23a, 18:20

Arantza Baigorri alkateak azaldu duenez, bihar burutuko duen Gobernu Kontseiluan onartuko du Eusko Jaurlaritzak ospitale inguruko hiru mila metro koadro baino gehiago lursaila Zaldibarko Udalaren esku uztea. Horrela azaldu zion Jaurlaritzak, joan zen barikuan, Baigorri alkateari.

Jaurlaritzak lagapen hori onartuta, Zaldibarko Udalak osoko bilkuran hartuko du lursail horren 10 urte luzagarrirako jabetza. Ospitala inguratzen duen murruaren zati bat botatzeko lanak uda honetan egitea da EH Bilduko udal gobernuaren asmoa.

Baigorri alkateak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak bihar onartuko duen eskari hori 2014ko abenduan aurkeztu zuen Zaldibarko Udalak.

Jaurlaritzak eskariari erantzuteko denbora gehiegi eman duela iritzita, mobilizazioak hasi zituzten joan zen astean Zaldibarren. Barikuan, kontzentrazioa burutu zuten Eusko Jaurlaritza, itzuli lurrak herriari lemapean. Alkateak iragarritako Jaurlaritzaren onarpenaren berri izatean, "adi" jarraituko dutela eta "helburua lortzeko mobilizazioekin jarraitzeko prest" daudela esan dute herritar horiek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!