Zergatik erabaki zenuen itzultzea?
Ez nuke jakingo esaten. Egia esanda, auto lasterketetan gutxi gorabehera ondo ibili diren gehienak itzuli egiten dira. Zergatik? Ez dakit. Gainera, beti izan dut auto benetan indartsu bategaz lehiatzeko gogo hori, 4X4ko bategaz. Baneukan arantzatxo hori barruan. Abentura bat da. Imajinatu, 50 urtegaz… “zoratuta zaude” pentsatuko du batek baino gehiagok.
Iaz azken lasterketara arte rallysprint txapelketa irabazteko lehian aritzea espero zenuen?
Beste ezertarako baino gehiago, dibertitzeko itzuli nintzen. Probak lehiatu, autoa garajean lasai-lasai itxi, eta hurrengo lasterketan atera gura nuen. Baina, lasterketak irabazten hasten zarenean, sailkapenean goian zaudenean eta puntuen dinamika horretan sartzen zarenean, lehengora itzultzen zara. Eta ondo dago, e? Baina ez zen helburua.
Ematen du goian zaudela zeuk ia nahi gabe.
Aurrean egon gura duzu. Hori pozgarria da, jakina, baina, zelan esan, sobresaltorik barik. 25. bazaude, lasaiago hartzen duzu dena, malguago. Baina, erdigunean zaudenean, serioago hartzen da, entrenamenduak, autoaren prestaketa…
Testuinguru horretan, iazko txapelketak zer aho zapore utzi zizun?
Zapore apur bat mingotsa utzi zidan. 27 scratch posibleetatik 14 markatu genituen. Denborengatik txapeldun izan behar genuela uste dut, baina zorte txarra izan genuen: irabazita genituen lasterketetan zulatuak izan genituen, esaterako. Eta horrelako hainbat adibide izan genuen.
Iazko lasterketa batean, Aramaion, Iban Tarsicio irabazlearen eta zure artean 13 ehunen bakarrik izan ziren.
Puntu horiekin txapeldun izango ginen. Irteeran akats bat egin eta segundo bat galdu nuen. Lehen txandan denbora dezente atera zigun. Ondoren, errekuperatzen joan ginen, baina ez zen nahikoa izan. 13 ehunen: lasterketa bat hain tarte txikiagaz erabakitzen sekula ikusi barik nengoen.
Zelan hasi duzue aurtengo rallysprint txapelketa?
Ondo hasi ginen, Gabiriako proba irabazita. Ondorengo hirurak, aldiz, nahiko txarto joan dira. Goierrin, lasterketa ia irabazita geneukanean, ezin izan genuen amaitu, matxura baten ondorioz. Ñañarrin hirugarren sailkatu ginen, baina autoan arazoak izanda. Azpeitian bosgarren izan gara, baina, beste behin ere, arazoak izan ditugu kotxeagaz. Hala ere, sailkapen orokorrean hirugarren gaude, eta helburua txapelketa irabazten saiatzea da. Baina, horretarako, aurrerantzean lasterketa denetan goialdean amaitu behar dugu.
Gazteagoek pentsatuko dute: “Beterano hau ederra egiten ari zaigu”.
(Barreak) ‘Beterano’ edo ‘aitita’ deitu eta hor goian ibiltzeak poza ematen du. Begira, aurten Juan Luis Sarasola pilotua hil da. Oso lagunak ginen. Ni hasi nintzenean aitita deitzen genion, eta ni orain naizena baino askoz gazteagoa zen.
Zer alde dago 22 urteko Enriqueren eta gaur egungoaren artean?
Sasoi batean lez arriskatzen dudala uste dut. Ausardia faltarik ez dut sumatzen. Fisikoki ere zaintzen naiz. Beharbada ez dut lehengo ikusmen eta erreflexurik. Adina hor dago. Ez gara mutil koskorrak, hala uste arren.
Zelan moldatzen zara Anartz Onandia kopilotuagaz eta Mitsubishi EVO IX autoagaz?
Anartzegaz oso ondo. Ez nuen aurretik ezagutzen. Bueltatu behar nintzenean, herrian galdezka hasi eta orduan ezagutu nuen. Ni baino gazteagoa da, baina adinean ez dugu hainbesteko alderik ere, eta uste dut hobe dela. Ondo hartu dugu elkar. Autoari dagokionez, Mitsubishi EVO IXa auto “puñeteroa” da: ez du ematen arin doanik, baina, lau-bost segundotan bosgarren martxan bazoaz, azkar zoazen seinale. Sentsazioei dagokienez, uste dut gehiago dibertituko nintzatekeela, esaterako, Renault Clio bategaz. Mitsubishia auto aburgesatuagoa da, 4X4 ibilgailua, oso egonkorra…
Zure lehen etapan urte arrakastatsuak izan zenituen.
1989an hasi eta 11 urtez aritu nintzen. Euskadiko txapelketa hainbat bider irabazi genuen.Espainiako lurreko rally txapelketan birritan lehiatu eta behin ia irabazi nuen. Azkenengo lasterketan, amaitzearekin nahikoa geneukanean, autoa —Seat Marbella— hondatu egin zitzaigun.
Enrique Barrenetxea-Arando Anartz Onandia kopilotuagaz