Diru-laguntza aurreratuko diete gehien behar duten gurasoei

Anboto 2016ko api. 5a, 09:20

Lehen seme-alabaren jaiotzak edo adopzioak ekarritako gastuei aurre egiten laguntzeko udalak eskaintzen duen diru-laguntzaren araudian aldaketa bat egitea erabaki dute EH Bilduk, EAJk eta PSEk, aho batez. Aldaketa horren arabera, eta gizarte laguntzaileak horrela zehazten duen kasuetan, zailtasun ekonomiko handienak bizi dituzten herritarren kasuan, diru-laguntza aurreratuko du Zaldibarko Udalak.

Orain arte, herriko dendetan jaioberrientzat erositako produktuen gastuaren zenbatekoa bueltatu die udalak eskatzaileei, diru-laguntza horren bidez. Arantza Baigorri alkateak azaldu duenez, “gastua egin ostean, fakturak aurkeztu behar dituzte, eta hain justu ere, erosteko ahalmenik ez dutenak, beharrizan handiena dutenak, geratu izan dira inoiz udalaren babesetik kanpo”. Familia horiek ere, gainontzekoek bezala, euren errentaren arabera, 400, 500  edo 600 euroko diru-laguntza jasoko dutela bermatu gura du Udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!