Arantza Baigorri: "Udalkutxari 180.000 euro bueltatzeak eragin larria izango du Zaldibarko Udalaren kontuetan"

Anboto 2016ko mar. 21a, 15:41

EH Bilduk prentsaurrekoan kritikatu duenez, "EAJk bultzatutako zerga-politika okerraren eraginez, Bizkaiko udalek 75,5 milioi euro bueltatu beharko dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari". Arantza Baigorri Zaldibarko alkateak azaldu duenez, Udalkutxari 180.000 euro itzultzeak "eragin larria" izango du udal kontuetan.

EH Bilduk prentsaurrekoan kritikatu duenez, "EAJk bultzatutako zerga-politika okerraren eraginez, Bizkaiko udalek 75,5 milioi euro bueltatu beharko dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari". Bilbon antolatutako prentsaurrekoan, Arantza Urkaregi batzarkideak, Zaldibarreko alkate Arantza Baigorrik eta Getxoko zinegotzi Arantza Gutierrezek murrizketa horiek Bizkaiko udaletan zer nolako eragina izango duten azaldu dute. Bizkaian 2015. urtean 363 milioi euro gutxiago batu dituztela jakitera eman du EH Bilduk, "hau da, %6,3 gutxiago".  Horren eraginez, udalek 75,5 milioi euro bueltatu beharko dizkiote Aldundiari Udalkutxaren bidez. Tokiko erakunde askorentzat murrizketa hau "kolpe gogorra" izan dela azaldu dute, "udal handi zein txikiagoetan".

Zaldibarko alkateak azaldu duenez, Udalak 180.000 euro baino gehiago bueltatu beharko ditu. Kopuru hori Zaldibarren inbertsioak egiteko aurrekontu osoa baino handiagoa da. "Urte bitan Zaldibarreko Udalak euskararentzat bideratzen duen kopuru berbera da, edo eskola eta haurreskolaren mantentze-lanetarako kopuruaren baliokidea (garbiketa, berogailua, materiala...)". Alkateak nabarmendu duenez, kopuru hori orain
bueltatu behar izateak "eragin larria" izango du udalaren kontuetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!