Aitor Arizmendiarrieta Ogasun arloko zinegotziak azaldu duenez, “udalaren zerbitzuak mantendu eta herriko elkarteak laguntzera bideraturiko diru kopurua ez murriztea" da 2016rako udal aurrekontuaren helburua. Arizmendiarretaren berbetan, “Bizkaiko Aldundiak iaz egindako aurreikuspen okerraren erruz, aurten, Udal Kutxari 181.000 euro bueltatu behar izateak” udalaren inbertsioetarako aukera murriztu du: iaz, 322.000 euro zeuden inbertsioetarako aurreikusita, eta, aurten, 136.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetara.
Eguazteneko osoko bilkuran onarturiko aurrekontuaren arabera, honakoak izango dira Zaldibarko Udalaren 2016ko inbertsio nagusiak: herritarrek partaidetza foroetan erabakitako hamar proiektuak gauzatuko dituzte (kale garbiketarako makina bat erosi, Olazar ingurua atontzen amaitu, pintadak garbitu, edo eskolako itxitura atonduko dute, besteak beste), Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazten amaituko dute, kale argiteria berritzen jarraituko dute, eta lau urterik behin egiten den euskararen kale neurketa burutuko dute, besteak beste.
Omniaren mozioa
A8 autobideko bidesariari buruzko bi mozio, eta PSE-EEk urgentziaz aurkezturiko hirugarren bat ere bozkatu zituzten Zaldibako Udaleko atzoko osoko bilkuran. EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, aho batez, egin zuten Omnia taldeak aurkezturiko idatziaren alde. Bi eskari egin ditu Zaldibarko udalbatzak: Gerediaga-Ermua tartea erabiltzen duten garraiolariei diru-laguntzak, eta tarte horretan autobidea erabiltzen duten norbanakoei deskontuak eskaini diezazkiela Aldundiak.