Sei urteko auziaren ostean, Zaldibarko Udalari eman dio epaileak arrazoia

Anboto 2016ko mar. 17a, 10:23

Zaldibarko Udalaren aldeko sententziagaz eman du amaitutzat EAEko Auzitegi Nagusiak, udalak Zaldua plazako 7, 8 eta 9. zenbakiko eraikinaren jabeagaz, Durangoko PPko zinegotzi ohi bategaz, epaitegietan eduki duen auzia. Udalak 2010etik eskatu dion bezala, eraikinaren teilatua eta fatxada konpondu eta eraikina habetu beharko du jabeak. Agindua bete ezean, Zaldibarko Udalak isunak ipiniko dizkio jabeari.

2010. urtean Zaldibarko Udalak emandako aginduaren kontrako errekurtsoa aurkeztu, eta eraikina erortzeko zorian zegoela adieraztea eskatu zuen jabeak, 2012an.

Eraikina ez dagoela hondamen egoeran, eta jabeak bere betebeharrak dituela defendatu du, sei urtez,  Zaldibarko Udalak. Ahotan darabilguna bezalako kasuetan, jabeek sarritan eraikinak bertan behera utzi eta hondamen deklarazioa lortu ostean, “zaharra eraitsi eta etxe berria eginez espekulatu” egiten dutela azpimarratu du EH Bilduko udal gobernuak. Horregatik uste du oso inportantea dela sententzia hau, “lehenengo aldia delako horrelako kasu batean udalari arrazoia ematen zaiona”.

Bere abokatuarekin hitz egin arte ez duela ezelako adierazpenik egingo adierazi dio zinegotzi ohiak ANBOTOri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!