Herritarrek bi parte-hartze forotan erabakitako 10 proiektutara bideratuko ditu udalak 50.000 euro

Anboto 2016ko mar. 3a, 12:40
Barbakoa bat eta tirolina bat ipini, eta bertako zuhaitzak landatuko dituzte Olazar inguruan.

Aste bi barruko osoko bilkurara aurkeztuko duen 2016rako udal aurrekontuko inbertsioetarako gordetako 50.000 euroko diru-atala zein proiektutara bideratuko den jakitera emateko, prentsaurrekoa egin du, gaur, EH Bilduko gobernu taldeak.

Zenbateko hori zer proiektutara bideratu, bi batzarretan parte hartu duten herritarren bozken bitartez erabaki dutela azaldu du, EH Bilduko gobernu taldeak. Hamar egitasmo zehaztu dituzte, guztira.

Martxoaren 1eko batzarrean zehaztu dute, herritarrek lehenengo batzarrean egindako 23 proposamenetatik, zeintzuk diren aurten gauzatuko diren hamarrak: 23 proposemenetatik, Udalarentzako bideragarriak direnak zehaztu, eta bakoitzaren aurrekontua aurkeztu zuen martitzeneko batzarrean, gobernu taldeak.

Kale garbiketarako makina

Kale-garbiketarako makina bat erostea izango da 50.000 euroko diru-atal horren zati handiena hartuko duena. Arantza Baigorri alkatearen berbetan, kale garbiketa “modernizatzea” da helburua: langileek haize-makinagaz eta erratzekin egiten duten lana osatzea. 21.660 euro bideratuko dituzte erosketa hori egitera.

Batzarretan parte hartu duten zaldibartar gehienen adostasuna lortu duen beste proiektu bat, Olazar ingurua hobetzeko lanak egitea da. Aisialdi gune horretan barbakoa bat eta tirolina bat ipinitzeko, eta bertako zuhaitzak landatzeko, 12.518 euroko inbertsioa egingo dute.

Beste inbertsio batzuk
50.000 euroko diru atal horregaz, honakoak dira, 2016an egingo dituzten beste lanetariko batzuk: kaleko eta etxebizitzen fatxadetako pintadak garbitzea (8.000 euro); Santa Isabel kalean ibilgailuentzako abiadura murriztaileak ipintzea (3.132 euro); Olazarko biribilgunean hesi bat ipintzea (3.345 euro); eskolako jolastokiaren itxitura atontzea (2.630 euro); Agirre Lehendakariaren parkean dagoen porlanezko jesarlekuan egurra ipintzea (1.089 euro); txakurren jabeak euren animalien gorotzak jasotzeko sentsibilizatzeko kanpaina bat burutzea (1.500 euro); eta Otxandioko eredua jarraituta, jatorri ezberdineko zaldibartarrei zuzenduriko harrera protokolo bat martxan ipintzea (1.200 euro).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!