Martxan dira ilustrazio eta ipuin lehiaketak

Anboto 2016ko mar. 2a, 09:00
'Osaba Otso' ipuinarentzako marrazkiak sortu beharko dituzte ilustrazio lehiaketako parte hartzaileek.

Apirilaren 15era arte aurkeztu daitezke lanak Zaldibarko Udal Liburutegian antolatu dituzten ilustrazio eta ipuin lehiaketetara.

Zaldibarko eskolako ume eta gazteei zuzenduriko bi lehiaketa dira Udal Liburutegian martxan ipini dituztenak; ipuin batentzako marrazkiak sortzea izango da ilustrazio lehiaketan parte hartzen dutenen erronka, eta ipuin baten istorioari jarraipena eta amaiera asmatzea, ipuin lehiaketan parte hartzen dutenena.

Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko umeek, eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetakoek parte hartu ahalko dute ilustrazio lehiaketan. Liburutegian eskuratu ahalko duten Xose Ballesterosen Osaba Otso ipuinarentzako marrazkiak sortu beharko dituzte, eta A3 edo A4 tamainako orrietan aurkeztu.

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik Bigarren hezkuntzako bigarren mailara arteko gazteek parte hartu ahalko dute, bestalde, ipuin lehiaketan. Liburutegiko arduradunak emandako ipuineko istorioaren jarraipena eta amaiera asmatu beharko dute parte hartzaileek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!