Arantza Baigorri alkateak eta Aitor Arizmendiarrieta zinegotziak prentsaurrekoan azaldu dutenez, Zaldibarko Udalak 5.000 euro bideratu ditu herriko merkataritza bultzatzeko kanpaina honetara. 500 bono atera dituzte, eta herriko 15 dendek hartuko parte kanpainan.
Hamar euro ordainduta, herriko dendetan 20 euroko balioa izango duten bonoak eskuratu ahalko dituzte zaldibartarrek, eta abenduaren 10etik aurrera erabili ahalko dituzte. Baigorri alkatearen berbetan, "gabonetako opariak herrian bertan erosteko" aukera indartu gura dute kanpaina honegaz.
Abenduaren 7tik aurrera, udaletxean eta KZgunean, eskuratu ahalko dira bonoak. Azaldu dutenez, herritar bakoitzak gehienez ere bi bono ahalko ditu eskuratu.
"Gure hauteskunde programan adierazi genuen Zaldibarko merkataritza bultzatuko genuela", azpimarratu du Arizmendiarrietak, "eta helburu horretarako lehenengo pausua dugu hau". EH Bilduko zinegotziak aurreratu du, lehenengo kanpaina honegaz lortzen dituzten emaitzak baloratu ostean pentsatuko dutela datorren urteko ekimena.