Esti Redondo: "Andra baserritarren presentzia gehitu dute prozesu agroekologikoek"

Anboto 2015ko aza. 21a, 10:00

Etxalde Emakumeak eta EHNE-Bizkaiako kidea da Esti Redondo (Zaldibar, 1976). Industrializazioak ikusezin bihurtutako emakume baserritarra berriro azalarazi du elikadura burujabetzaren aldeko borrokak. Era berean, Legebiltzarrak onartutako Emakume Baserritarraren Estatutua aurrerapauso bat da emakumeon lana ikustarazte aldera.

Baserri munduan izan duen garrantzia galdu du emakumeak?
Garrantzia izaten jarraitu du, hor dago. Kontua da, zenbat eta nola baloratzen dugun egindako lana, bai baserrian bai kalean.

Euskal Herriko baserri eredua emakumearena izan da. Hala ere, gero eta latzagoa da emakume baserritarren egoera.
Historikoki, emakumeak egin dituen lanak zerikusi gehiago izan dute antzinako eredu horregaz. Baina, 50eko hamarkadan, eta, batez ere, 70ekoan, industrializazio eta intentsifikazio prozesuekin batera, emakumearen eredu hori baztertu egin da (dibertsifikatua; gauzak txikian egitekoa; familia elikatzeko, eta hortik aurrera komunitatea...); andra baserritar asko desagertu dira, estatistiketatik behintzat.

Industrializazioak ikusezin egin du emakume baserritarra?
Landa eremuari garrantzia kendu zion industrializazioak; elikadura produzitzeari garrantzia ukatu zion. Baserri batzuk handitu, industrializatu eta espezializatu egin ziren, eta, publikoki, behintzat, gizonak hartu zuen ardura guztia —titularitatea hartu du, gizarte segurantzan kotizatu du eta bizitza publikoan parte hartu du, baserritar edo produktore lez—, emakumea ezkutuan geratu da, baserrian egon arren eta ordu kopuru berdina lan egin arren. Ikusezin egin ditu baita, gizona lanera kalera irtenda, baserriaren kargu egin eta jarduera sozial eta ekonomikoa mantendu duten emakumeak ere. Izan ere, laguntzak jasotzeko, jarduera publikoa egiteko, familiako diru-sarreren erdia baino gehiago baserritik etorri beharko litzateke; eta, oso zaila da gizonak kalean irabazitakoa baino soldata handiagoa ateratzea baserrittik. Emakumeon lana eta garrantzia ez da aintzat hartzen, ez estatistika ekonomikoetan ez beste hainbat esparrutan.

Bestelako nezakaritza ereduek aldatu dute joera hori, ezta?
Abiatutako prozesu agroekologikoek emakume baserritarren presentzia handitu dute. Elikadura burujabetzaren aldeko borroka edo prozesu horretan, berriz azaldu da emakumea: tradiziozko jakituria, emakumearen papera, eta honek tradizionalki izandako egiteko erak baloratzen dira. Horretan saiatzen gara, aitortza hori egiten.

Europako diru-laguntzek bereziki baztertzen dute eredu hori.
Europako nekazaritza politika bateratua (PAC) eredu intentsiboaren aldekoa da, nabarmen. Zenbat eta hektarea gehiago izan, orduan eta laguntza gehiago ematen dira, batzuetan. Badaude lurrak landu ez arren, hektarea piloa dituzten pertsona edo entitateak Europako Batasunetik laguntzak jasotzen dituztenak. Zenbakiei begiratuta, laguntza jasotzen dutenen %25 dira emakumeak, eta %75 gizonak; halaber, 1.000 eurotik beherako laguntzak jaso dituztenetik %33 dira andrak, eta %7 baino ez dira 100.000 eurotik gorako laguntzak jaso dituztenak.

Etxaldek gai feminista baserri mundura eroan gura du.
Oinarrian, baserritarrak dituen elikadura burujabetzaren aldeko elkartea da. Horren baitan, estrategikoki garrantzitsua deritzogu feminismotik eraikitzea, ikuspegi hori izatea. Etxalde feminismoz kutsatzeko, eta, feminismo urbanoagoa-edo landa eremuz eta elikadura burujabetzaz kutxatzeko hasi ginen batzen elkarteko andrak.

Ekonomia feminista eta elikadura burujabetza dituzue, beraz, lan ildoak?
Egungo jendartean, dirua da bizitzaren oinarri edo zentroa. Ekonomia feministak, aldiz, bizia jartzen du zentro horretan, gure premia, hartu-eman, eta, natura zein elikaduragaz ditugun harremanak berkokatuz. Hortxe egiten du bat ekonomia feministak elikadura burujabetzagaz —herriek elikaduraren esparru guztietan erabakitzeko eskubidea izatea eta elikadura gure behar nagusietako bat izatea esan gura du horrek—, eta, elkarri lagundu diezaiokete. Elikadura burujabetza horren zutabe garrantzitsua da nekazaritza iraunkorra.

Legebiltzarrak Emakume Baserritarren Estatutua onartu du urrian. Nola baloratzen duzu?
EHNEk aurkeztutako hainbat alegazio jaso ditu, eta aurrerapauso bat da emakume baserritarren lana ikustarazte aldera. Hala ere, estatutu orokor bat dela uste dugu,  lehenengo pauso bat eman dela.  Ikusteko dago, oraindik, nolako gogo politikoa dagoen estatutu hori benetan aplikatzeko, edo horrelako politikak aurrera eroateko. Marko orokor legez ondo ikusten dugu, baina, hori guztia nola zehaztuko den ikusi behar da oraindik.

Produktua eraldatzea eta merkaturatzea ere nekazaritza lan moduan jasotzen du, ezta?
Bai. Horretan lan egindako orduak emakume baserritarraren lan moduan jasotzen dira, bai. Kontuan hartuta horrexek direla emakume baserritarrek historikoki egin dituzten lanetariko batzuk, aurrerapauso moduan ikusten dugu.

Elikadura burujabetzan eragingo dun horrek?
Ikusteko dago nola zehaztuko den dena, baina, ematen du aukera zabaltzen duela emakume batzuek ustiapenaren gaineko titulartasuna lortzeko; andrek orain arte egin duten lan horren aintzatespen bat emateko bidea ere bada.

Gizarte segurantzan kotizatzea eta titular lez agertzea bultzatzen ere lagunduko du.
Emakume baserritar gutxik kotizatzen dute. Nekazaritza jardueran irabazitakoa ikusita, normalean, gizonak eman du alta autonomo lez, emakumeak ez. Bidea zabaldu da apur bat, andra gehiago horretan sartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!