Txintxaur Aisialdi taldearen eskutik, umeendako jolasak antolatu dituzte, 11:00etarako, Garikoitz Sarriugarte eta Beñat Ugartetxea bertsolarien saioa, 13:00etarako, eta bazkari herrikoia, 14:30erako. “Castet-ek libre eta zabalik” behar duela aldarrikatzeko, kazerolada egingo dute 17:30ean, eta, gauean, Alus DJaren emanaldian elkartuko dira.
Urteurrena iragartzeko, bideo bat zabaldu dute sarean, taberna horren historiari eta herriaren bizitzan izan duen garrantziari erreferentzia eginez. “Ez diegu utziko taberna lapurtzen”, diote bideo horretan hainbat herritarrek: “Bakoitzak ahal duen neurrian, milaka bizipen izan dugun etxea defendatuko dugu”.
Herriko tabernei ETA finantzatzea egozten dien 35/02 sumarioan oinarrituta, 107 herriko taberna bahitzea agindu zuen Auzitegi Nazionalak, tartean, Zaldibarko Castet.