II. Berdintasun Planaren zirriborroa aurkeztu zuten, atzo

Anboto 2015ko urr. 15a, 11:29
Berdintasunaren aldeko sentsibilizazioa gehiago lantzea da helburuetako bat.

2016-2019 urtealdian indarrean egongo den Berdintasun Planaren behin behineko testua aurkeztu zuten, atzo arratsaldean, udaletxeko pleno aretoan.

Otsailean hasitako prozesuaren emaitza da II. Berdintasun Planaren zirriborro horretan jasotakoa, bi batzar irekitan parte hartu zuten herritarren ekarpenetan oinarriturikoa. Azken legegintzaldian indarrean egon den planaren ebaluazioa egin zuten tailer horietan, eta datozen urteetako berdintasun arloko lehentasunak adostu zituzten.

Udalaren barne jardunetik berdintasuna bultzatzeko hainbat ekintza zehazten ditu, batetik, plan horrek. Udalaren kontratazioetan, diru-laguntzetan eta hitzarmenetan berdintasuna bultzatzeko neurriak ezartzea, esaterako.

Herriari begira, bestetik, emakumeak —norbanako bezala zein kolektiboki— ahalduntzea, gizarte antolakuntza erantzunkidea bultzatzea, eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea dira planaren zirriborroan jasotako hiru helburu nagusiak.

Helburuak horiek lortzeko, berdintasunaren aldeko sentsibilizazioan indarra egitea ezinbesteko jo dute tailerretan parte hartu duten herritarrek, eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, informazioa eta formakuntza eskaintzea.

II. Berdintasun Planaren behin betiko dokumentua hil honetan osatu, eta urtea amaitu orduko plenoan aurkeztea da gobernu taldearen asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!