Gaur aurkeztuko dute umeen minbiziaren ikerketa diruz laguntzeko kaleratu duten egutegia

Anboto 2015ko ira. 24a, 13:55

Umeen minbiziaren ikerketa laguntzeko helburuz hainbat herritarrek bultzatutako ekimenaren lehenengo hitzorduak aurkezteko, prentsaurrekoa egin dute, gaur, Zaldibarren.

Azaldu dutenez, azken hileetan hainbat zaldibartarren kolaborazioagaz osatu duten egutegia aurkeztuko dute, pleno aretoan, gaur arratsaldean. La Cuadri del Hospi elkarteari emango diote gaurtik aurrera salgai egongo diren 4.000 egutegien salmentatik lortzen duten dirua, umeen minbiziaren ikerkuntzako proiektu bat bultzatzeko.

Zaldibarko hainbat herritar, zein kirol eta kultura arloko hainbat pertsona ezagun agertzen dira 2016ko egutegi horretan, soinean arropa gutxi dutela, batzuk. Hain zuzen, egutegiko argazkietan agertzen diren hainbat lagunek eman dute, gaur, ekimenaren berri; Lola Sanabria eta Andoni Mesak —ekimena abiatu zuten lagunak—, Arantza Baigorri Zaldibarko alkateak, eta Raquel Estevez dendariak. Eurekin batera egon dira gaurko aurkezpenean, egutegiaren salmentatik ateratzen den dirua jasoko duen La Cuadri del Hospi elkarteko Susana del Amo, eta egutegiko argazkiak egin dituen Ritxi Perez argazkizalea.

Hezur-muina ematearen garrantziaz informatzen

Hezur-muina ematearen inguruko informazioa zabaltzeko, berbaldi bat ere antolatu dute, herritar hauek gaurko; 18:00etan, Zaldibarko pleno aretoan izango da hitzaldi hori.

Susana del Amok, La Cuadri del Hospi elkarteko kideak, azpimarratu du prentsaurrekoan, hezur-muina ematearen garrantzia. Emaile egin edo ez norberak erabaki ahal izateko, oso inportantea deritzo Del Amok hezur-muina ematearen inguruko informazioa zabaltzeari. Orokorrean, minbiziaren inguruan normaltasunez berba egiteko aldarria ere zabaldu du gaixotasun horren ondorioz semea galdu zuen Del Amok, eta Zaldibarko herritar hauek bezala "umeen minbiziaren ikerketa bultzatzeko musutruk lan egiten dutenak" eskertu ditu.

Abenduaren 19ra begira

Abenduaren 19rako, minbiziaren ikerketan laguntzeko dirua biltzeko maratoi bat antolatzen dihardute, zaldibartar hauekl. Egun osorako ekitaldiak lotzeko lanean jarraitzen dute.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!