Zaldunak nor baino nor gehiago lehiatzen dira, taldeka zein bakarka. Aurten, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Gaztela Leongo 30 bat zaldunek parte hartuko dute Zaldibarko finalean. Antolakuntza lanetan dabilen Igor Egurrolak azpimarratu duenez, tartean, 11 eta 13 urte arteko zaldunek ere bai.
Aurreko urteetan bezala, goizean eta arratsaldean izango dira saioak. Goizean, 10:00etatik aurrera, Cattle Penning saioa egingo dute: zaldun batek 10 behi gidatzea xede duen proba. Epaileak agintzen duen zenbakidun behiak elkartu, eta itxiturara bideratu behar izaten dituzte parte hartzaileek.
Arratsaldez, taldeka ariko dira, Team Penning modalitatean. Hiru zaldunek 30 behi taldetik gobernatu, epaileak emandako zenbakidunak, eta itxiturara bideratu beharko dituzte.
Azken zazpi urteetan hitzordu hau mantendu izana “oso pozgarria” dela dio Igor Egurrolak: “Zaldibarko Olazar inguruko harezko zorua horrelako probak egiteko oso aproposa delako, eta udalaren laguntasuna ere badugulako”.