Aho batez onartu dute Arantza Baigorri alkatearen erabateko dedikazioa

Anboto 2015ko eka. 30a, 11:31

Datozen urteetako udalaren jarduna arautuko duten erabakiak hartu zituen, atzo, Zaldibarko udalbatza berriak. Azken legegintzaldian bezala, bi hilabeterik behin egingo dituzte plenoak, eta sei batzorde berezitu eratuko dituzte.

EH Bilduko ordezkariak izango dira sei udal batzordeen buruak: Arantza Baigorri Hirigintza, Ingurumena eta Auzoak batzordearena; Eneritz Azpitarte Berdintasuna eta Gazteria batzordearena; Carmen Sampedro Gizarte Ongizatea, Migrazioak eta Osasuna batzordearena; Delfín Zubizarreta Kultura eta Kirola arloena; Aitor Arizmendiarrieta Ogasuna, Ondarea eta Pertsonala Batzordearena; eta Aitor Lopez Euskara eta Hezkuntza sailarena. 

Arantza Baigorri alkateak kargu horretarako erabateko dedikazioa (liberazioa) izango duela, eta urtean 45.052 euroko soldata jasoko duela ere zehaztu zuten atzoko udalbatzarrean. EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, aho batez, bozkatu zuten neurri horren alde.

Arantza Baigorri alkatea izendatu zuten, bestalde, Zaldibarko Udalak ordezkaritza daukan organo gehienetarako ordezkari, Carmen Sampedro izendatu zuten alkateorde, eta Aitor Arizmendiarrieta, diruzain.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!