Bi urtez lantzen jardundako Plan Orokorra onartu du udalbatzak

Anboto 2015ko api. 30a, 11:30

Atzoko udalbatzarrean, bi urtez diseinatzen jardundako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako onarpena egin zuten aho batez. Bilduko sei zinegotziek, eta PP eta PSE-EEko zinegotzi banak eman zuten aldeko bozka. EAJ alderdiko bi zinegotziak eta PSE-EEko bigarren ordezkaria ez ziren udalbatzarrera joan.

Bi urteko Zaldibar eitten parte-hartze prozesuaren ondorioak daude jasota dokumentu horretan, eta, hirigintza arloan, herriaren datozen urteetarako garapenaren ardatzak zehazten ditu; adituen azalpenek lagunduta, herritarrek tailer eta erakusketetan ezarritako lehentasunen arabera diseinaturikoa da. Besteak beste, herrigunean trafikoa gutxitzeko eta oinezkoentzako guneak sortzeko jarraibideak ematen ditu planak.

Gobernu taldeak azaldu duenez, datozen bi hilabete eta erdian, Zaldibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokor honi alegazioak egiteko aukera edukiko dute herritarrek. Datozen asteetan, bestalde, Plan Orokorraren inguruko erakusketa bat ipiniko dute udaletxeko sarreran, eta, parte-hartze prozesuan bezala, udalarentzat lan egin duten teknikariak egongo dira herritarrei argibideak emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!